
Urtero, martxoaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta egun horrekin bat eginez, Donostia Antzerki Saria ematen zaio aurreko urtean hirian euskaraz antzeztutako obra onenari. Oraingo honetan, Vaiven Produccionesen Sherezade eta tipularen azalak izan da lan irabazlea. Aktore zerrenda Miren Tirapu, Xabi Donosti eta Iraia Eliasek osatzen dute Jose Carlos Garciaren zuzendaritzapean. Vaiven konpainiak 12.000 euroko saria eta Andres Nagelen artelan bat jasoko ditu. Sherezadek bezala, ukitu surrealistak dituen ipuin tragikomiko honetako pertsonaiek patua elikatzen dien historia bat kontatzen dute eta ipuina ondorio larririk gabeko gezur bat da. Hala, bizirik irauten saiatzen dira.
Gaur, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, sari banaketaren gala egingo da Victoria Eugenia Antzokian, 19:30ean. Horren ostean, Axut! konpainiaren Zazpi Senideko antzezlana ikusi ahalko da. Lan hori anaitasunaren kontzeptuaren inguruan ardazten da. Baina, zeri deitzen diogu anaitasuna? Odolari? Laguntasun deskriba ezin horri? Elkartasunaren sinbolo sendoenari? Lander Garro, Gaizka Sarasola, Lorentxa Beyrie, Aitzaro Arano, Argi Perurena, Unai Iturriaga eta Eñaut Castagnet dira antzezlanari ekarpena egiten diotenak. Fragmentazioa dela medio, bizi puskak kontatzen dituzte, estilo eta euskalki ezberdinetan. Ahots ezberdinetatik mintzatuko dira pertsonaiak, izan gizon ala emakume, gazte ala heldu, bizi ala hildako.
Zazpi Senideko antzezlanean hiru lan handiren aztarna suma daiteke: Dostoievskiren Karamazov Anaiak eleberria, Atxagaren Bi Anai eleberria eta Thomas Vinterbergen Submarino filma. Hiruretan, protagonismoa anaitasunak hartzen du eta haren bidetik fedea, zalantza, arrazoia, traizioa, natura, gizatasuna eta lotura korapilatsuak lantzen dira.