MUSIKA

Sustraiez Blai jaialdia larunbatean egingo dute Ordizian

Munduko musiken inguruko Sustraiez Blai jaialdiaren 11. edizioa larunbatean, hilak 12, egingo dute Ordizian. Bertan musikari andana ikusi eta entzun ahalko da 18:00etatik aurrera, eta doan: La Trocamba Matanusca (Valentzia), Dilshad (Donostia), Adabegi (Zestoa), Bombino (Niger) eta Samueliko y Los Guailers (Katalunia).

Emanaldiak bi tokitan egingo dira: Garagartza plazan eta merkatuko plaza estalian. Nobedaderik ere izango da aurtengo edizioan. Hala, goizetik hasi eta egun osoan, artisautza-azoka izango da herriko alde zaharrean.

Musika taldeei dagokienez, La Trocamba Matanusca Valentziatik datoz eta musika balkanikoa egiten dute. Dilshad Donostiako dantza taldeak, berriz, ekialdeko dantzak eta sabel-dantza jorratzen ditu.

Zestoako Adabegik, halaber, flamenkoa eta txalaparta uztartzen ditu, eta Niger aldeko Bombino tuareg gitarra-joleak basamortuko blues musika joko du. Azkenik, Samueliko y Los Guailers taldea kataluniarrak rumba doinu biziak zabalduko ditu.

Horretaz gain, kontzertuen ondoren, Talo diskoa jartzaileak (Andoni Tolosa) musika jarriko du inguruko taberna batean, “munduan zeharreko bidaia musikala proposatuz”.

Munduko musikak ardatz dituen ekimen honen xehetasun guztiak jaialdiaren webgunean biltzen dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button