MUSIKA

Helldorado aretoan rock eztanda

Urrian egitarau oparoa atondu du Gasteizko Helldorado aretoak. Hala, hilabete hau amaitu baino lehen hiru rock kontzertu interesgarri ikus daitezke lokal horretan.

Hasteko, larunbatean, urriak 20, Australiako Tracer taldeak joko du. Hirukoteak 70eko hamarkadan iltzaturiko hard rocka jorratzen du. Iragan abuztuan euren estreinako lana argitaratu zuten Mascot Recors diskoetxearekin. Hortaz, Kyuss, Queens of the Stone Age, Soundgarden edo Led Zeppelin taldeen zaleek hitzordu interesgarria dute larunbatean.
Australiarrekin batera, Mutürbeltz gipuzkoarrak izango dira. Laukoteak AC/DC eta The Cult taldeetatik edaten du eta aurten Amildegia Maite izenburuko lana plazaratu dute. Gogoratu talde honetan Hot Dogs eta Sexty Sexsters taldeetako musikari ohiak jotzen dutela.

Asteazkenean, urriak 24, Errusiako Messer Chups eta Arrasateko Los Galerna taldeak izango dira oholtzan. Bi taldeek rock instrumentala jotzen dute, bestelako osagaiekin jantzia, B Saileko pelikulen estetika, surfa edo spaghetti western generoko filmen soinu bandak.

Azkenik, urriaren 27an, atzerriko bi rock talde izango dira HellDoradon: The Flaming Sideburns (Finlandia) eta Jim Wilson (AEB). Lehenengoa ibilbide luzeko taldea da. 1995ean sortua hainbat aldiz izan dira Euskal Herrian Eskandinaviako rockaren ordezkari gisa. Jim Wilson berriz, musikari ezaguna da Mother Superior taldeko kidea delako. Oraintsu bere bakarkako lehendabiziko lan homonimoa plazaratu du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button