
Uztailaren 24ra arte, Iñigo Garatu artista gaztearen Work spaces izeneko erakusketa bisitatu ahalko da Bilbao Arten.
Industria astuneko fabriketan oinarritua dago Iñigo Garaturen azken proiektua, izan ere, argazki erakusketa horretan Bizkaiko industriaren toki esanguratsuak bildu ditu (Arratia Haraneko eta Nerbioi ibaiaren Ezker Aldeko fabrikak ere ikus daitezke), horien artean batzuk funtzionatzen ari dira eta beste batzuk, guztiz abandonaturik daude.
Proiektua osatzeko forma geometriko xumeko hainbat eskultura-lan sortu ditu egileak.
“Gune horietako argazkiekin memoriaren zati bat osatu nahi dut eta gure historiaren dokumentu bat izatea nahi nuke, horietako asko ixten, eraldatzen edo eraisten ari direlako”, azaldu du artistak.
Iñigo Garatuk ekoizpen artistikoko beka bat irabazi zuen Bilbao Arte Fundazioan 2014an. Arte Ederretan Graduatua da eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Arte Garaikide Teknologiko eta Performatiboan Masterra du.
Work spaces da banako bere lehen erakusketa handia. Lehenago, banako erakusketak ere egin ditu Eibarko Portalea Aretoan, Durangoko (Bizkaia) Arte eta Historia Museoan eta La Albercako (Salamanca) Manuel Rejano Kultura Etxean, besteren artean.