IKUS-ENTZUN

“Infiltrators” dokumentala, Elorrion

Khaled Jarrar zuzendariaren Infiltrators (Arabiar Emirerri Batuak, AEB  eta Libano, 2012) dokumentala proiektatuko da ostegunean, hilak 12, Elorrioko Kultur Etxean 19:30ean.
Jerusalemgo banaketa murrua igarotzeko Palestinako gizon, emakume eta umeek egiten dituzten saiakera arriskutsuak ditu ardatz filmak.

Pelikulak oso laudatua izan zen 2012an, eta zenbait sari garrantzitsu ere jaso zituen, tartean, Arabiar Emirerri Batuetako Dubai International Film Festival jaialdian epaimahaiaren saria, eta Dokumental Onenaren The Muhr Arab Award saria; eta Dokumentalen Zuzendari Onenaren FIPRESCI saria.

Aipatutako harresia igarotzen saiatzen diren pertsonak ez dira trafikanteak, ezta kontrabandistak ere, murruak banatu zituen familietako kideak dira, edo mugaren beste aldean otoitz egiten duen jendea. Horma igarotzean arrisku handia hartzen dute, eta euretariko batzuk izterrak ere hautsi dituzte: “Murrua pasatzen jarraituko dugu, mila harresi eraikitzen badute ere”, dio filmeko protagonista batek.

Zuzendariari dagokionez, Khaled Jarrar Interiorismoan eta Arte Bisualetan lizentziaduna da, eta argazkiarekin, bideoarekin eta performancearekin lan egiten duen diziplina anitzeko sortzailea da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button