
Gaur, ekainaren 21ean, Bilboko Azkuna Zentroan, Iñaki Palacios txistulariak, Baga Biga musika-etxeko Ritxi Aizpururekin batera, Lurra, Ardoa, Dantza lana aurkeztu du. Aurkezpena dantzaldi musikatu batekin hasi da. Palacios berak eta Mulixka dantza taldeak pieza gozo bat eskaini dute diskoaren mamia zertan den azaltzeko.
Baga Ritxi Aizpururen aburuz, “Iñaki Palacios musikari eta txistulariak Arabako Errioxan urtero egiten den Mahats-bilketaren Jaia-ri kantua egin zion 2013an, eta ordutik da ardoaren jai horren single-kantua. Idiazabal gaztaren markaren musika Palaciosek egindako Idiazabal kantua ere bada”.
Arabar Errioxaren nortasuna bikainki erakusten duen Lurra, ardoa, dantza diskoak “hamar kantu dakartza eta kantu bakoitzak koreografia berezi bat darama”, adierazi du egileak. Hala, ikusi ahal izan dugu Mulixka taldearen eskutik.
Hortaz, txistua elementu nagusia den arren, “gitarra elektrikoa, bateria, baxua edota beste elementu elektronikoren bat sartuta osatu da lana, eta hori guztia, txistuak eta dantzak lotuta, ardoaren prozesuaren kontzeptua adierazteko”, esan du Palaciosek.
Obrak jarraipena izango du irailaren 23an, Gasteizeko Printzipal Antzokian. Bertan musika eta dantzak nahastuko dira ardoaren munduaz aritzeko ikuskizun berezi batean.