MUSIKA

Moonshakers eta Free The Wheel taldeekin hasiko da “Basque Fest, Rock City”

Bilboko Kafe Antzokiak, aurten ere, Basque Fest, Rock City kontzertu sorta ondu du Aste Santurako. Hala, bihartik larunbatera bitarte, lau kontzertu izango dira, eta bi talde emanaldi bakoitzeko. Bihar bertan, Moonshakers (rock, Bizkaia) eta Free The Wheel (rock gogorra, Bizkaia) taldeek joko dute.

Free The Wheel Bilboko boskote gaztea da: Zuri (gitarra), Izas (baxua), Amaia (ahotsa), Nerea (bateria) eta Arty (gitarra). Bluestik edaten duen rock gogorra jotzen dute, eta oraintsu, bederatzi kantu biltzen dituen And It Goes On izenburuko lana plazaratu du. Grabazioan, Black Sabbath edo Led Zeppelin banda klasikoen zertzeladak antzematen dira, stoner eta grunge estilo garaikideak  ahaztu gabe.

Moonshakers taldea ere Bilbon eratutako proiektua da: Inge Isas (ahotsa), Nagore M. Jauregi (gitarra eta koruak), Marga Alday (baxua) eta Alba Granados (bateria). Rock garajezalea egiten dute, eta iazko azaroan estreinako lan homonimoa grabatu zuten, Martin Cápsularen gidaritzapean. “Kantu sinpleak, soinu gordin, basati eta ahots gozo eta amorratuekin tartekatuak”.

Hilaren 29an, halaber, The Northaguirres (hard-rock, Gipuzkoa), Mocker’s (hard-blues eta rock psikodelikoa, Bizkaia) eta Kazkezur (indie-rock, Nafarroa) izango dira. 30ean, Yellow Big Machine indie-rock talde bilbotarra eta Mungiako Lukiek eta Toc arituko dira. Yellow Big Machine taldeak disko berria plazaratuko du laster. Azkenik, 31n, musika beltzaren festa izango da, The Excitements katalanen eta The Allnighters gasteiztarren eskutik.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button