IKUS-ENTZUN

Tabakalerak datorren urteko zinema denboraldia aurkeztu du

Tabakalerak urtarrilean abiatuko du zinema denboraldi berria helburu argi batekin: zinema-aretora publiko berriak erakartzea. Horretarako, programazio espezifikoak atondu dira EHUren eta EQZEren laguntzarekin

Urtarrilaren 25etik aurrera, eta ekainera arte, EHUko ikasle talde batek hilean behin programatuko du Tabakalerako zinema aretoa. Zikloaren haria filmen soinu-bandak dira, eta aukeratu duten lehena Ridley Scotten Blade Runner (1982) da. Era berean, EQZEko 2023-2024 ikasturteko komisariotza espezialitateko ikasleen taldea modu kolektiboan ari da lanean apirilaren 8an hasiko den astean kontzentratuko den zinemako programa publiko bat definitzeko.

Datorren urtarrilaren 17an hasiko da Tabakaleran Nosferatu ziklo berria, USA western garaikidea 1962-2021, Sam Peckinpah zuzendari duen Duelo en la Alta Sierra (Ride the High Country, 1962) filmaren proiekzioarekin. “Zikloak western krepuskularren sei hamarkada hartzen ditu”. Urtearen lehen hiruhilekoan programatutako filmak besteak beste zinemagile hauenak dira: John Ford, Henry Hathaway, Richard Mulligan, John Sturges, Richard Brooks, eta Sam Peckinpah.

Euskadiko Filmategiak DIPC (Donostia International Physics Center) eta Donostia Zinemaldiarekin elkarlanean antolatzen duen Zinema eta zientzia zikloaren zazpigarren edizioarekin hasiko du urtea. Edizio hau Oppenheimer proiekzioarekin hasiko da (Christopher Nolan, 2023). Hitzordua urtarrilaren 11n izango da, eta Pedro Miguel Etxenike fisikariak eta DIPCko presidenteak aurkeztuko du saioa.
Udaberrian Klasikoak zikloa izango da ikusgai, maisulanak berreskuratuko dituen proposamena eta uztailean, Jazzinemaren zazpigarren edizioa. 2024 amaitzeko, Euskal Emakume Zinegileak IV izeneko zikloa egingo da.

Urtarriletik aurrera ere zinema eta literatura uztartuko dira. Marguerite Duras idazle eta zinemagilea izango da zikloaren ardatza. Hilean behin, Marguerite Durasekin lotutako zine saio bat antolatu da eta hainbat idazle gonbidatuko dira saioak aurkeztera. Miren Agur Meabe izango da zikloaren lehen gonbidatua, urtarrilaren 12an, eta Marguerite Durasen Le camion (1977) filmaren inguruan jardungo da.

Beste aldetik, urtarrilaren 13tik otsailaren 24ra Bas Devos zuzendari eta gidoilari belgikarraren filmografia osoa ikusteko aukera eskainiko duen zikloa ere ondu da. Gainera, Tabakalerak zinemagileen eta ikusleen arteko hurbilketa sustatzen jarraituko du Kontatutako zinea bezalako proiektuekin. Fermin Muguruza izango da gonbidatua datorren igandean, abenduaren 17an, Bidasoa 2018-2023 proiekzioarekin eta 2024an, Jaione Camborda, Isabel Herguera, Ion de Sosa, Celia Rico eta Alberto Martín Menacho etorriko dira.

Hori guztia eta beste kontu asko, Tabakaleraren webgunean kontsultatu ahal izango duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button