LITERATURA

Apirila beteta dator Bira Kulturgunean

Literaturaren inguruko hainbat kontu programatu dituzte Bilboko Bira Kulturgunean hil honetarako. Gaur berton Oier Guillanek Zauri bolodia (Txalaparta) lana aurkeztuko du.

Hamburgo Platz (V) saioaren barruan, gaur berton, Oier Guillane Zauri bolodia (Txalaparta) lanaz mintzatuko da eta irakurraldia egingo du. Bertan egilearen alter egoak gogoeta egiten du kulturaz, amateurismoa vs profesionaltasunaz, hizkuntzaz eta politikaz, gutik nira doan bidaiaz, generoaz eta sorkuntza prozesuaz. “Azkenean gai horiek Zauri Bolodia ahots narratzailearen egunerokotasuna baldintzatu dute. Badago nolabaiteko garapen bat hala ere: Zauri Bolodia oso idealista da hasieran, utopia hitza errepikatzen du behin eta berriz, kultur erreferentzia berrien bila dabil… Ondoren etorriko dira nekea, desengainua, prekarietatearen zama eta aurrera jarraitzearren norbere burua berrasmatu beharra”, dio egileak.

Beste liburu baten aurkezpena egingo da datorren astean, apirilaren 23an. Kasu horretan, Alberto Barandiaran, Miren Rubio eta Iñigo Astiz idazleek borobilduriko Ez duzu abusatuko (Elkar) lana. Hirurek ezkutuan zegoena argira atera dute, Euskal Herriko elizan izandako pederastia kasuei buruzko erreportaje zabal horretan.

Hurrengo egunean, apirilaren 24an, Izaskun Gracia Quintana Ohe hutsetan (Balea Zuria) liburu berriaren nondik norakoak emango ditu, eta hainbat poema irakurriko ditu errezital batean.

Azkenik, apirilaren 26an, antzerkia izango da protagonista: Mikel Martinez antzezle ezagunak Patxo Telleriak idatzitako TABERNARIA. Instrukzioak botatzeko ondo bat kaña egingo du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button