ARTEA

Musika ardatz duen argazki lehiaketa atondu dute Zarautzen

Zarauzko Ispilu Arte galeriak taldeak argazki lehiaketa antolatu du, udalerri horretako argazki elkartearekin lankidetzan, Francisco Escudero musikariaren mendeurrena dela eta. Hortaz, musika izango da lehiaketan jorratuko den gaia: “musika, ikuspegi ezberdinetatik, beti ere Francisco Escudero maisuaren gorazarretan”.

Lehiakide bakoitzak gehienez ere bost lan aurkeztu ahal izango ditu, paperean, edozein teknika erabilita, 20x30zm.ko gutxieneko tamainan, 40×50 zm.ko kartoizko markoan edota kartoi mehe zurrunean. Argazki ororen atzealdean egilearen nortasun-datuak agertuko dira; besteak beste, izen-abizenak, helbidea, telefonoa, e-posta eta abar, bai eta lanaren izenburua ere.

Lanak ekimena antolatu duen galeriara bidaliko dira edota bertan utzi: Gipuzkoa kalea 24, behea, 20800 ZARAUTZ  (Gipuzkoa). 2012ko ekainaren 15ean amaituko da lanak aurkezteko epea.

Epaimahaiak, sariak emateaz gainera, aurkeztutako 20 lanik onenak hautatuko dituzte. Horiek, Ispilu Arte galerian erakutsiko dira. Sariei dagokienez, bilduma onenak (2 argazkitik gora), 200 euro eta garaikurra jasoko ditu; lehenengo sariak 100 eta garaikurra, eta bigarrenak 75 eta saria.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button