Igela argitaletxeak hiru lan bikain kaleratu ditu egunotan: Fiodor Dostoievskiren Lurpeko ezkutuan idatziak, Stefan Zweig idazlearen Amok, eta Annie Ernaux idazlearen Neska baten memoria. Josu Zabaletak itzuli du lehen obra, eta Aiora Jakak azken biak.
Dostoievskiren Lurpeko ezkutuan idatziak adina lan gutxi irakurtzen dira. Lurpeko gizona terminoa guztiz finkatuta dago kultura garaikidearen hiztegian, eta testu honetako pertsonaiak literaturako arketipo kategoria hartu du, Hamlet, On Kixote, Don Juan edo Faustok bezala. Mende honetako kulturasaio handi gehienek –Nietzscheren eta Freuden eskolek, espresionismoak, surrealismoak, krisiaren teologiak, existentzialismoak– berentzat aldarrikatu dute Lurpeko gizona edo harekin lotu dituzte mugimenduon aztertzaile askok; eta Lurpeko gizon hori aldez aurretiko iragarpentzat hartu ez denean, abisu latz eta gordintzat hartu izan da.
Stefan Zweigek bere aldetik, obsesio deskontrolatuen eta grina erreprimituen narratiba bat ehuntzen du, ekialdeko kolonien inguru exotiko eta itogarrian girotua. Protagonista, mediku europar bat, eromen espiral batean erortzen da emakume enigmatiko batekin topo egin ondoren, eta horrek misterioz, tentsio psikologikoz eta gatazka moral gaindiezin ba ez jositako trama bat sortzen du. Zweigek eskutik eramaten gaitu giza adimenaren labirintoetan barrena, isolamendu bizitza batek bulkada ilunenak nola askatu ditzakeen erakutsiz.
Azkenik, Neska baten memoria eleberrian, Annie Ernauxek gizon batekin igarotako lehen gaua oroitzen du, marka ezabaezina uzten dion gaua. Berrogeita hamar urte baino gehiago igaro eta, azkenean, horiei aurre egiteko gai sentitzen da. Garai hartako argazki eta gutunetan murgildu, atzendutako oroitzapenak berriro argitu, eta orri hauek idatziko ditu kezka eta min sekretuez, indarkeriaz, lotsaz eta isiluneez zipriztinduta, bere gaztaroaren erretratu intimoa osatzeko.