IKUS-ENTZUN

“Euskara pantaila handian” Oihaneder Euskararen Etxean

Oihaneder Euskararen Etxeak eta Gasteizko euskaltegiek elkarlanean Euskara pantaila handian antolatu dute, euskara ikasleei euskarazko zinema eskaintzeko helburuarekin. Lehen proiekzioa azaroaren 10ean izango da eta Euskaldunon Egunkariaren historia jasotzen duen Gaur irekiko ditu ateak dokumentala eskainiko da

Azarotik apirilera sei film proiektatuko dira, eta horiek  ikustera 1200 euskara ikasle inguru hurbilduko da Euskararen Etxera. Ikus-entzunezko ekimen horren bitartez, Oihanederrek eta AEK, Mondragon Lingua, Bai & By, Hegoalde, Udaberria eta IKA euskaltegiek euskarazko pelikulak ikusteko aukera luzatu nahi diete Gasteizko euskara ikasleei hilean behin.

Eskainiko diren pelikula euskaraz ekoitzitakoak izango dira batez ere, baina euskarara bikoiztutakoak ere egongo dira. “Euskaltegiek pelikula bakoitzaren unitate didaktikoa prestatzeko ardura hartu dute proiekzioa baino egun batzuk lehenago ikasleekin lanketa berezia egiteko”. Pelikulak bi tartetan ikusiko dira, bat goizean eta bestea arratsaldean, eta emanaldi bakoitzean 100  bat ikasle bilduko dira.

Ikusiko diren filmen artean, 2016an Donostiako Zinemaldian estreinatutako Kalebegiak pelikula (abenduan) edo euskarara bikoiztutako Egun handia dokumentala (urtarrilean) daude.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button