ESZENA

Atauri Art jaialdiaren ateetan gaude

Arabako Mendialdeko herri txikietan egiten den kale antzerki jaialdiak, Atauri Art jaialdiak, hamabigarren edizioa beteko du aurten, eta betiko legez, antzerkia, musika eta umorea izango dira nagusi udazken honetan, izan ere jaialdia azarora bitartean luzatuko da.

Asteburu honetan (irailaren 8, 9 eta 10an) hasiko da Arratiandi elkarteak eta Bapatean Konpainiak bultzaturiko jaialdia. Hala, lehen egun horretan, 19:00etan, Ataurin, Zirika Zirkus taldea arituko da A toda vela ikuskizunarekin. “Niko, gure protagonista, Augusta Robusta pirataren liburua irakurtzen ari zela lokartu egin da. Niko, lokartu eta berehala bere ametsetako pertsonaiekin topo egin du. Hemen nago. Augusta Robusta gaztea naiz!! Agudo! Entrenamendua eta planaren prestaketa egingo dugu eta gero, aurkitu gabeko altxorren bila abiatuko gara!!”

Larunbatean, Ataurin, Jimena Cavalleti Valentziako konpainiak B.O.B.A.S (Banda Orquestal Benéfica de Actos Sepulcrales) ikuskizuna aurkeztuko du. Pieza horrek Leioako Umore Azokan, Munduko Ikuskizun Onenaren saria lortu zuen. Eta horren ostean talde berak Y tan panchas kontzertu komikoa eskainiko du.

Igandean, irailaren 10ean, eguerdian, David Cid eta bere taldeak jazz kontzertua eskainiko dute Ataurin; eta arratsaldean, Pez Limbok Oxido aurkeztuko du. “Oxido, gorputz metalikoetan, kanpokoaren eraginez eta arduragabekeriaz sortzen den herdoil geruza. Eragiten uzten zaionean, ondorioak kopondu ezinak bihurtu daitezke, zulatzera iristeraino. Hiru persona berezien izaerak bultzatuta, ez-ohiko egoeratan topatuko dira eta bizitza ikusteko duten moduak, gertaerak ustekabean garatzea ekarriko du. Hiru egoera barregarrik agerian uzten dute pertsonaien herdoildutako giza harremanak, baita bizi diren gizartearen herdoila ere”.

Atauri Art jaialdiaren hurrengo hitzorduak urrian eta azaroan izango dira, eta horien artean urriaren 6an, Maeztun, Izaskun Ruedaren Bidaiabizitzen txotxongilo eta zirku ikuskizuna izango da, eta 7an, Ruth Garretaren El espejo cómico lana.

Programazio osoa hemen kontsultatu ahal duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button