LITERATURA

“Liburuaren Arbola” erakusketari buruzko hitzaldia, Getxon

Mundua irauli duen lehen objektu industriala izeneko hitzaldia emango du Gorka Arrese editoreak gaur, azaroak 28, Getxoko Punta Begoña Galeriak gunean, 19:00etatik aurrera. Hitzaldia Liburuaren Arbola erakusketarekin lotuta dator, izan ere, Arresek berak apailatu du erakusketa hori, orain, Getxoko Punta Begoña galerietan, abenduaren 9ra arte, ikusgai dagoena. Geroago, abenduaren 19tik urtarrilaren 9ra bitarte, Amorebieta-Etxanoko Zelaieta Zentroan ikusi ahalko da,; eta bertan ere, Gorka Arresek hitzaldia emango du.

Euskararen Etxeak Liburuaren arbola erakusketa ibiltaria prestatu du, bost herri hauetan ikusiko dena: Portugaleten, Ondarroan, Getxon, Amorebieta-Etxanon eta Gernika-Lumon, irailean hasi eta 2023ko martxoan bukatuko duena.

Erakusketan gizakiak sortu duen gauza unibertsaletako baten inguruan ardaztu da: liburua. “Historiako lehen hedabide masiboa da liburua: aurreneko objektu industriala. Liburua inprimategian saldoka egiteari esker mundua bizkor aldatzen hasi zen XV. mendetik aurrera. Liburuetan esperientziak eta jakintzak elkarrekin trukatuz eta itzuliz, era askotako aurrerapenak egin ziren denbora laburrean.”

Liburuaren arbola erakusketak liburuaren izaera azalduko du: hizkia, idazketa, diseinua, inprimaketa. Bisitariak ezagutuko du hizkiek nolako anatomia daukaten, testuek nolako formak hartzen dituzten, liburuak zein parte dauzkan eta nola izendatzen ditugun euskaraz.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button