ARTEA

“Waste Lands”, gatazken ondorioak arte garaikidetik begiratuta

Maiatzaren 21era bitartean, San Telmo Museoak Waste Lands (Lur suntsituak) erakusketa antolatu du, Mediterraneoa eta hau inguratzen duten herrietako gatazka beste ikuspuntu batetik begiratzeko, eta konpondu gabe dauden krisialdien inguruko hausnarketa egiteko.

Erakusketan hainbat herritako (Afganistan, Arabiar Emirerri Batuak, Iran, Libano, Palestina, Maroko, Azerbaijan, Egipto eta Aljeria) hamahiru emakume artistaren lanak biltzen dira: Lida Abdul, Tamara Abdul Hadi, Zoulikha Bouabdellah, Amina Benbouchta, Gohar Dashti, Rena Effendi, Yara El-Sherbini, Mariam Ghani, Kinda Hassan, Larissa Sansour, Parastou Forouhar, Elnaz Javani eta Raeda Saadeh.

San Telmo Museoaren arabera, “erakusketa honek herrialde suntsitu eta pobretuetako hiriak, gizartea, ingurune antropologikoak eta arkeologikoak jorratzen ditu, bi milagarren urtetik gaur arte; gerrek, ondare postkolonialak, gas- eta petrolio konpainiak dena irentsi behar dute aseezinak eta potentzia handienen energia-espekulazioak, terrorismoak, estatuen indarkeriak eta tokiko borroka politiko eta erlijiosoek suntsitutako eta pobretutako herrialdeetan. (…) Erakusketa osatzen duten artistak historia, kultura eta kontakizun desberdinetatik datoz. Beren eta senideen oroimenari esker, beren herrien oroimenari esker, ezagunak dituzte migrazio behartuak, kolonialismoa, gerra, erbestea, errefuxiatu- eta atzerritar-egoera”.

Artiston 28 lan biltzen ditu erakusketak: eskulturak, instalazioak, argazkiak, bideoak, liburuak eta nobela grafikoa. Bestalde, jarduera ezberdinak ere antolatu dituzte artistak eta hauen lana, eta erakusketan azaltzen diren gatazkak hobeto ezagutzeko, tartean zinema eta hitzaldi zikloak.

Informazio guztia San Telmo Museoan duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button