MUSIKA

Kutxa Kultur “indie” festibalak hainbat talde bilduko ditu Igeldon

Kutxa Kultur Festibala izeneko musika jaialdia egingo dute irailaren 7an eta 8an Igeldoko Jolas Parkean. Bi egun horietan nazioarteko pop eta rock talde esanguratsuek joko dute, hala nola, Maxïmo Park eta The Horrorsek. Euskal Herriko ordezkaritza ere izango da, tartean, Anari, Gora Gora Kids, Muturbeltz eta Anai-arrebak. Horretaz gainera, estatuko zenbait talde ere izango dira, hala nola, Love of Lesbian eta Russian Red.

Orotara zortzi talde nagusi igaroko dira irailaren 7an eta 8an Igeldoko Jolas Parkean jarriko duten bi agertokietatik. Lehenengo egunean Maxïmo Park, The Raveonettes, The Whip eta Russian Red izango dira. Kartel buru diren Maxïmo Park post punk ingeleseko talde interesgarrienetarikoa da Kaiser Chiefs eta Franz Ferdinand-ekin batera. Hainbat jaialditan jo dute eta maisuak dira rock energia eta dantzarako erritmo itsaskorrak nahasten.

Bigarrenean egunean berriz, The Horrors, Love of Lesbian, Delorentos, Los Campesinos! eta Anarik joko dute. Gunea 16:30ean irekiko dute eta 1:30era arte egongo da zabalik. Bigarren egun horretan The Horrors pop eta rock talde ingelesa nabarmenduko da. Bosgarren albuma plazaratu ondoren, sasoian daude britainiarrak.

Kontzertuez gain, hainbat ekitaldi eta zerbitzu ere izango dira, tartean, Revolutionary Brothers donostiarren sound systema, terrazak, haurtzaindegia, eta jolas parkeak berak eskaini ohi dituenak. Formatu txikiko hainbat kontzertu ere izango dira: Peachy Joke, Gora Gora Kids, Patta Ta Sendaezinak, Anai-arrebak… Indie kutsuko jaialdi berri honen xehetasun guztiak Kutxa Kultur Festibala webgunean jasotzen dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button