
Irati Jimenez idazleak bildu ditu Aiztoa eta arkatza (Txalaparta) lanean mundu osoko idazleen usteak (erdia ustel) idazteari buruz. Aholku xelebreen ondoan, atal guztietan zehar Antton Olariagaren irudi miresgarriak topatuko ditu irakurleak.
Harkaitz Canok hitzaurrean dioen bezala, “hainbat garai eta estilotako idazle askoren iritzi eta aholkuak biltzen dira liburu gutiziatsu eta gozagarri honetan, kontrajarriak zenbait, baina ez hainbeste. Oroz gain, ofizio baten aldarrikapena nagusitzen da; lanaren eta diziplinaren garrantzia da gehien errepikatzen den ideietako bat, musen gorteiuarekiko distantziak hartu nahi eszeptiko samar batekin batera (epaitegiei musentzat urruntze agindurik eskatzera iritsi gabe, hala ere). Maitasunez hitz egiten dute idazleek euren ofizioari buruz; trabak traba eta poseak pose, benetako idazle batek ez bailuke sekula berea beste ezein ofizioren truk aldatuko”.
Eta horrelako irakurriko dituzue: “Ez da idazteak berealdiko plazera ematen didanik, baina askoz okerragoa da idazten ez badut” (Paul Auster); “Literaturan ezer ez dago idatzita” (Augusto Monterroso); “Hiru arau daude idazteko, zoritxarrez, inor ez da ados jartzen zeintzuk diren esateko orduan” (Somerset Maugham); “Hitz laburrak balio badu ez erabili luzea” (George Orwell); “Amaieratik ahalik eta gertuen hasi” (Kurt Vonnegut); “Eleberri on bat aiztoarekin egiten da, ez arkatzarekin” (Frank Yerbi).
Hortaz, liburu honek aholkurik aipagarrienak biltzen ditu; zentzuzkoak, sinestezinak, barregarriak… idazteaz bezainbeste idazleari buruz hitz egiten digutenak.