LITERATURA

Iazko Zubikarai bekadunek lanak kaleratu dituzte

Bi idazlek lortu zuten iaz Augustin Zubikarai saria: Karmele Mitxelenak eta Goio Ramosek. Mitxelenaren Zoriontasuna, edo antzeko zerbait eta Ramosen London Calling lanak saritu zituzten. Bi lanak Elkar argitaletxeak kaleratu ditu egunotan.

Goio Ramos ugaotarrak London Calling izeneko helduentzako lehen eleberria kaleratu du orain. 4.000 euroko saria eskuratu zuen eleberri bat idazteko. Urtebeteko lanaren ostean, Ramosek London Calling kaleratu du, eta lanaren sinopsia hauxe duzue: “Mikel eta Josu, Josu eta Mikel, adiskide minak, betidanikoak. Institutua amaitzen ari direla, musika-talde bat egitea buruatuko zaie. 80ko hamarkadaren erdian gaude Bilbo hegoaldeko herri industrial batean, rock radikalaren olatua hasten ari den garaian. Hertzainak, La Polla, Kortatu eta abar entzuten eta miresten dituzte kontzertuetan, eta beraiek ere euren banda sortuko dute: Hilotzak. Musika asko sartu du Goio Ramosek Zubikarai beka irabazitako bere estreinako eleberri honetan, baina rock’n’rollaz gain presente daude nobelan garaiko gertakariak, pil-pilean zegoen gizartea, droga, politika, gatazka sozialak… baita lehen amodioaren txinparta ere, uste baino gehiago kixkaliko duen sugarra”.

Beste aldetik, Karmele Mitxelenak ere beka hori ere eskuratu zuen Zoriona, Edo Antzeko Zerbait obrari esker. Orain liburu horrek argia ikusi du eta bertan kontatzen dena hauxe da:  “Mediterraneora etorri da emakume alargundu berria. Doluaren zamak atzean utzi nahi lituzke, itsaso bareago honetako ur urdinetan jostatu. Bizitzari berriz egin irribarre, bizitza berri bati esan ongi etorri. Protagonista bera da kontatzailea, eta idazkera dotore bezain biziz, pausatu bezain adierazkorrez doa kontatzen gogoaren zirrikituetan gordetzen dituenak, baita bere egunerokoan gertatzen zaizkionak ere.
Bidaia fisiko eta psikologiko bat dakarkigu eleberri labur eta hunkigarri honek, betiko gai giltzarrietan pausalekuak eginez: maitasuna, heriotza, seme-alabak… mundu honetako gure igarotzeari zentzua ematen diotenak”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button