
Datorren astean, urtarrilaren 22tik 24ra, Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxean, Huhezinema jaialdiaren18. edizioa abian jarriko da. Denetarik egongo da, eta Sail Ofizialaren, Ikasle Sailaren eta Bideoklip Sailaren proiekzioez gain, masterclassak, kontzertuak eta solasaldiak antolatuko dira.
Aurkeztutako 94 lanetatik, 29 iritsi dira finalera, hiru sailetan (Sail Ofiziala, Ikasle Saila eta Bideoklip Saila) banaturik, eta horiexek izango dira jaialdiaren ardatza.
Hortaz, 18. edizioa urtarrilaren 22an hasiko da, goizean, Andrak Erramutan dokumentalaren proiekzioa eta solasaldiarekin, eta arratsaldean, Bideoklip Sailaren proiekzioa, eta Lemak taldearen kontzertua programatu dira. 23an, goizean, Aitzol Saratxagaren Masterclass-a izango da, eta arratsaldean, Ikasle Sailaren proiekzioak. Horren ostean, ikusleei ikasketa berri bat eskaintzeko asmoz, Jone Arriola, Alba Lozano eta Uxue Botas adituek Lehen urratsak zineman solasaldia antolatu egingo dute. Azkenik, urtarrilaren 24an, Sail Ofizialaren proiekzioa, eta sari banaketa egingo dira.
Ana Goitia izango da Sail Ofizialeko aurkezlea eta Jon Castañeda Bideoklip Sailekoa. Xuban Garmendia eta Oier Gastesi ikus-entzunezko ikasleek Ikasle Saila aurkeztuko dute. Epaimahaikideak Aitor Oñederra (arte eszeniko, zinematografiko eta musikaletarako animazioen sortzailea), Maitane Carballo (soinuaren espezialista, film-muntatzailea eta film-zuzendaria) eta Katty Pochelu (iazko Huhezinema irabazi zuen film laburraren ekoizlea) izango dira.
Informazio guztia. Huhezinema