
Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdiaren VIII. edizioa 2015eko apirilaren 28tik 30era bitartean ospatuko da Aretxabaletako Arkupe kultur etxean. Filmak bidaltzeko epea 2015eko martxoaren 17ra arte egongo da zabalik.
Lehiaketako hiru sailetan aurkeztu ahalko dira lanok: Sail Ofiziala, Basque Culinary Center eta MUko ikasleen lehiaketa. Lehiaketa bakoitzaren oinarriak Huhezinemako webgunean kontsultatu daitezke.
Zortzigarren edizio honek bi berrikuntza nagusi ditu. Alde batetik, aukeratutako 10 lan finalistei 200€ko saria emango zaie proiekziorako hautatuak izateagatik, eta hortik aurrera, beste hiru sari emango dira: epaimahai ofizialak emango duen Goiena Saria, Ikusleen Saria eta Aktore Onenaren Saria. Azken kategoria honen saria Huhezinemaren antolatzaile diren ikasleek emango dute.
Beste aldetik, Basque Culinary Center (BCC) lehiaketan Euskal Herriko edozein ikaslek parte hartu ahal izango du. Orain arteko edizioetan lehiaketa hau MUko ikasleentzat bakarrik zegoen irekita eta aurtengo ekitaldian ikasle gehiagoren parte-hartzea bultzatu nahi da.