EZLEKUBAT

Zinemakumeak gara!

Simone de Beauvoir Elkarte Feministaren kidea, Emakumeek egindako Zinema Erakusketaren antolatzailea da Carmen Urruela eta honek badu nolabaiteko lotura intimoa zeluloidezko unibertso partikular honekin. Emakumeen gaitasun eta irudimen zinematografikoa publikoarengana zabaltzeko ahaleginean jardun da 16 urtean. Aurtengoa azkena izan daiteke, azken Erakusketa… atzera begirakoa egitea ezinbestekoa, ibilbidearen nondik norakoak miazkatzea… Emakumeek egindako Zinema Erakusketaren beste edizio bat, joan den hilean burutu zen Bilbo hirian.

Zein zen Leioako II Jardunaldi Feministetan  aurkeztutako “Del amor y otras quimeras” txostenaren helburua eta nolako harremana zuen zinearekin.

Une horietan teoria feministek doi-doi garatzen zuten gaia zen eta, hala ere, emakumeen bizitzetan garantzi handia zuela (eta duela) iruditu zitzaigun. Maitasunak dituen alderdi edo ikuspegi anitzen izenean, emakumeek hainbat eta hainbat erabaki hartzen dituzte. Hausnarketarako horrelako elementuak sartzea berebizikoa zen guretzat.

Une hartan ez zegoen inolako loturarik zinearekin. Eztabaida pizteko asmoz hasi ginen zinearekin harremanetan, baina geroago etorri zen hori.

1987an ziklo zinematografiko sorta bat eskaini zenuten…. gaurko Emakumeek egindako Zinema Erakusketaren hastapenak zirela esan genezake. Nolakoa izan zen zinearen unibertsoarekin izandako lehenbiziko harreman hura eta bereziki emakumeek egindakoarekin?

Horrela da bai. Ziklo horiek maitasuna izan zuten ardatz, maitasuna bere alderdi guztietan: amatiarra, pasionala, aitatiarra, lagunartekoa… gure planteamenduarekin eta zinearekin izandako lehenbiziko kontaktuaren urratsak. Une hartan, zinea, eztabaidarako tresna bilakatu nahi genuen. Gaia eta kalitatea kontuan hartuz aukeratzen genituen pelikulak, zuzendaria emakumezkoa izatea ez zen lehentasuna. Ikusi ondoren, moderatzaile aditu batek eztabaida bideratzen zuen. Ayala zine aretoa eta antzinako Campos Elíseos topera izaten ziren garai hartan. Besteak beste, Amelia Valcarcelek, Carmen Saezek, Juana Ginzok, Victoria Sauk eta Cristina Almeidak parte hartu zuten gurekin.

Bederatzi urte geroago Emakumeek egindako Zinema Erakusketa sortu zen, orduko panorama desberdina zela imajinatzen dut… urrats bat gehiago emateko erabakia hartu eta tamaina honetako erakusketa antolatzen duzue…

Bai, urte horiek pasata emakumeak zinearen gainean duen ikuspuntua plazaratzea beharrezko ikusi genuen. Kontatzen dituen istorio eta irudien bitartez, zinea, tresna limurtzaile gisa ikusten genuen, mezuak berariaz igorriz konbentzitzen duen tresna. Pertsonaia nagusiak, emakumeei eransten zaizkien rolak, biolentziaren tratamendua eta, batik bat, emakume zuzendarien ikuspuntua beharrezkoa zela…

Ekarpen hori agerian lagatzea beharrezkoa zen, jakinda emakumeen presentzia zinean antigoaletik datorrela eta, era berean, ezjakintasun handia dagoela honen inguruan.

Hamazazpi Erakusketa antolatu dira ordutik… Nola ikusten duzu emakumeek egindako zinearen bilakaera eta panorama? Badira oraindik horrela etiketatzen dituzten sektoreak edota ikuspegi zabalagoa dago jada?

Bilakaeraz hitz egiten dugunean, badirudi bere ibilbidea goranzkoa izan dela, baina ez da horrela izan. Atzera begiratuz gero, bilakaera positiboa dela esan genezake (estatuko zineaz ari naiz), 90eko hamarkadan, batez ere. Garai hartan hainbat emakumezko zuzendari azaleratu ziren. Zoritxarrez, 2000. urtetik aurrera ez zen fenomeno bera gauzatu. Egun, 90ean agertutako emakumezko zuzendarien artetik gutxik dihardute horretan eta beste gutxi batzuk geroago agertu dira. Emakumeek zuzendutako zineari etiketak jartzeari dagokionez, hobera goaz zalantzarik gabe. Emakumeei buruzko zinea egiten duten zuzendariek ez dute haien onespena. Elkarte bateko kide izateko,  ez zara behartuta sentitu behar. Horregatik, egun, zine mota hori aurreiritzi gutxiagoz ikusten ari gara, eta ikusten ari dira.

Fikziozko lanez gain, iaz, sail berriak jarri zenituzten martxan, XPREST! Laburren Jaialdia eta dokumentalei zuzenduriko beste sail bat. Bi galdera: Aurkeztu ziren lanen kopuru-kalitateari bazegokion? Eta bi…. aurten mantendu egin ahal dira eta nolako erantzuna izan zuten/dute kritika zein publikoaren aldetik?

Iaz bi sail berri horiek proposatu genituenean, asmoa publiko gaztearekin bat egitea zen eta era berean fikzioaz kanpoko lanen eskaintza zabaltzea. Gazteak suspertzeko plataforma moduko bat eskaini nahi genuen. Erakusketa zabaltzea ezinbesteko ikusi genuen, lehiaketa aparta izan zen, era askotako lan bizi eta azkarrak aurkeztu ziren. Zoritxarrez, sail horiek ez dute jarraipena izan aurten. Kasu bietan, arrazoia ekonomikoa izan da. Aurten jasotako diru-laguntza murritzagoa izan da eta ezin izan dugu laburren sail arrakastatsu hura antolatu.

Zerekin egin du topo zine zaletuak aurtengo Erakusketan?

Urtero gisa, programazioa antolatzerako garaian hainbat irizpide izan ditugu kontuan. Lehenbizi, filmen kalitatea. Jatorriaren aldetik ere aniztasuna bilatu dugu, kanpoko errealitateetara hurbiltzen gaituzten istorioak eskaintzea. Horrez gain, lantzen diren gaiei dagokienez, dibertsitatea bilatzea ezinbestekoa da. Mexiko, Txina, Uganda eta Iraneko kalitatezko zinea proiektatu dugu, baita zine independente estatubatuarra ere. Horrez gain, metraje laburreko emakumezkoen filmak, Minutuaren Bideoa eta ¿Pudiste verlas? saila ere izan ditugu aurtengo Erakusketan.

Aurten Simone de Beauvoir saria Maite Ruiz de Austriri –idazlea, gidoilaria eta zuzendaria- eman diozue. Zinearen unibertso nahasi honetan hamaika sari eskuratu dituen emakumea berau…

Bai, horrela da. Maite luxuzko saritua da, ematen dugun sariaren ordezkari egokiena. Zinegile honek animazioa du ardatz, bere filmek –maila handikoak guztiak- istorio landu eta mamitsuak plazaratzen dituzte. Edukia, errealizazioa bera, transmititu nahi duena maisuki burutua dago. Bere zinea ez da estatu mailan ezagutzen, bakarrik –bi Goya lortu ditu-, Houston-eko Nazioarteko Zine Jaialdian urrezko eta platinozko dominak eskuratu ditu eta New York-eko Nazioarteko Telebista Jaialdian, zilarrezko eta brontzezko dominak.

Horrez gain Begoña Vicario aski ezaguna ere bertan izan duzue animazioaren zineaz hitz egiteko. Eskarmentuzko Erakusketa baten beste seinale bat… Nola balioztatzen duzu Bilboko publikoaren erantzuna eta azken Erakusketa honetan eskainitakoa?

Begoña Vicario miresten dugun zuzendaria da, bere ibilbide profesionala jarraitu dugu eta bere metraje laburreko filmak proiektatu ditugu aurreko erakusketetan. Honek ere eskuratu du Simon de Beauvoir saria. Publikoaren erantzunari dagokionez, pozik gaude, hala ere, nahiago jende gehiago hurbilduko balitz gurera. Publiko gazteenak gure eskaintza gustuko duela sentitzea beharrezko dugu.

Bizi dugun panorama ekonomikoa ikusita, izango al dugu erakusketarik datorren urtean?

Gustatuko litzaiguke, tankera honetako erakusketak plazaratzea beharrezko ikusten dugulako, baina ez dugu inolako ziurtasunik. Azken urteetan murrizketak izan ditugu eta etorkizuna ilun dago.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button