Errautsak obraren webgunean jasotzen denez, "oraindik euskal antzerki sorkuntzak ez ditu momentu ekonomiko oparoak lortu nahiz eta artista berriak eta publikoa inoiz baino elkartuagoak dauden. PTDP eta Artedramak, bakoitza bere lurraldean, egitura eta sorkuntza egonkorrak eraikitzea lortu dituzte eta beraien egiturak komunean jartzeko apustua egin dute".
Elkarlan horren fruitua Errautsak antzezlana da. Honatx obraren sinopsia: Hodei hil da. Gaztaroko lagunak, urteetan elkarren berririk izan gabe egon ondotik, Hodeiren hiletarako bilduko dira. Saminak eta berriz elkartzearen emozioak eraginda, Hodeiren azken agurra garai bateko festa basati bihurtuko da. Iraganeko eta oraineko egiak, gezurrak eta kontraesanak azaleratuko dituen gau eroa.
Hileta medio, pertsonaiek gaztaroko amets iraultzaileen inguruan hausnarketa egingo dute, hamaika galdera tarteko: "Denboraren errotak egin du gainerakoa. XXI. mendea da, eta XX.eneko ametsen errautsak gara. Oraindik orain, errautsotan noizbait surik izan zela sinestarazi nahi diegu gure buruei. Ba ote?".
Ximun Fuchs ezizenaz aurkezten da obraren zuzendaritza eta aktoreei dagokienez hona hemen taularatzen diren aktoreen zerrenda: Ander Lipus (Zigor); Manex Fuchs (Erramun); Ximun Fuchs (Kaiet); Miren Gaztañaga (Eider); Ainara Gurrutxaga (Pili), eta Urko Redondo (Fermin).
Antzezlanak bere ibilbidea egiten jarraituko du apirilera bitartean: otsailaren 20an Saran antzeztuko dute; 25ean Beasainen, eta 26an Berrizen. Martxoaren 20an, berriz, Ondarrun izango da eta 25ean Hazparnen. Azkenik, apirilaren 14an Eibarren ikusteko aukera izango da eta 30ean Aulestin.
Nontzeberri



