IKUS-ENTZUN

“Hiroshima mon amour” filma Tabakaleran ikusgai

Urtarriletik aurrera Tabakalera zinema eta literatura uztartzen ari da, Marguerite Duras idazle eta zinemagileari buruzko ziklo batean. Hilean behin, Marguerite Durasekin lotutako zine saio bat antolatuko da eta idazle bat gonbidatuko da saioa aurkeztera.

Lehen saioa, urtarrilaren 12an izan zen, eta Marguerite Durasen Le camion (1977) filmaren inguruan aritu zen Miren Agur Meabe, zikloaren lehen gonbidatua. Otsailean, Claire Simonek zuzendutako Vous ne désirez que moi filma pantailaratuko zen, eta Harkaitz Cano idazleak aurkeztuko zuen saioa.

Hirugarren saioa Beñat Sarasola idazleak aurkeztuko du martxoaren 16an, eta bertan, inpaktu eta eragin handia izan zuen filma ikusi ahalko da, Hiroshima mon amour. Alain Resnais izan zen zuzendaria, eta gidoia Marguerite Duras nobelagileak idatzi zuen.

“Hiroshiman pelikula bat filmatu ondoren, emakume aktore frantses gazte batek bertako hotel batean igaro du bere azken gaua gizon japoniar batekin. Ez dute elkar ezagutzen, baina gau bateko abentura labur bat izan zitekeen horretatik idilio bizi bat sortuko da, urte batzuk lehenago Neversen (Frantzia) izandako ezinezko maitasun-harreman bat gogora ekarriko diona. Hala, maitasun-harremana prozesu introspektibo bihurtzen da, emakumeak bere iragana berreraikitzeko eta bere sentimendurik intimoenak bere kideari erakusteko.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button