
Hilotz death eta black metal bandak Giza Ankerkeria izenburuko lehen diskoa argitaratu du. Grabazioak gizartearen dekadentziaren gaia jorratzen du.
Taldearen esanetan, “Disko berria gure izatea posible egiten duen planetaren dekadentzian gizakiok dugun eraginaren inguruan zentratzea erabaki dugu. Baina, zer gertatuko litzateke eraiki dugun mundu honekin inoiz erlaziorik izan ez duen izakiak talka egingo balu?.”
2015eko abuztua eta abendua bitartean grabatu, nahastu eta masterizatu dute diskoa. Edizio, nahasketa eta masterizazio Ekaitz Garmendiak (Extinction, Legen Beltza) egin ditu, Karrantzako Black Storm estudioetan.
Taldea Mikel Yarza (ahotsa eta baxua) Pablo Cabasés (gitarra) eta Etxahun Urkizu (bateria) musikariek osatzen dute, eta hasiera batean, thrash metal estiloa jorratzen bazuten ere, egun, deah eta black metalaren aldeko apustua egin dute.
Larunbatean, Oviedon aurkeztuko dute diskoa. Martxoaren 5ean, Iruñeko Infernu tabernan izango dira; 26an, Donibane Garaziko gaztetxean; apirilaren 8an, Errenteriako Niessen aretoan; 9an, Plentziako gaztetxean; maiatzaren 16an, Donostiako Mogambo aretoan; eta, azkenik, 22an, Barakaldoko Edaskan.



