(H)ilbeltza, Euskal Nobela Beltzaren Astea, gaur abiatuko da Baztanen, eta urtarrilaren 30era arte luzatuko da bere VIII. Edizioa.
Gaur abiatuko da ekimena (H)ilbeltza bekaren irabazlea izan den Koldo Bigurik itzulitako Massimo Carlottoren Agur, maitea, ikusi arte lanarekin. Lanaren sinopsia honakoa duzue: “Zenbait urtez Hego Amerikan erbestean igaro eta gero, Giorigo Pellegrini ezker muturreko militante ohia Italiara itzultzen da. Espetxea saihestu eta sorlekuan geratu ahal izateko, garai batean kamarada zituen haiek saldu, eta bere iragan politikoa ezabatzeko ahaleginak eta bi egiten ditu. Goi gizarteko irabazleen artean eroso bizi nahian, ez du erreparorik izango bere helburua lortzeko bidean jartzen zaizkion iragan eta egungo trabak gainditzeko. Eleberri beltz honetan Massimo Carlottok ustelkeriaren gizartea agerian uzten du barne bakarrizketa bizi eta ekintzaz betean. Gizartean gora egiteko amarru eta azpijoko sortaren bitartez, Italia garaikidearen kritika sozial gogorra egiten du, bortizkeria eta saldukeria eguneroko ogiarekin nahasian”.
Hitzordua Arizkurengo liburutegian izango da, 19:30etik aurrera.
Urtarrilaren 26an, Euskal Gaizkileak podcastari buruzko solasaldia izango da Anizko elkartean, 19:00etan, eta Beñat Hach Embarekek gidatuko du ekitaldia. Urtarrilaren 28an, Ainize Madariagak Marga Andurain abenturaren gurpilean izenburuko hitzaldia emango du, Elizondoko Arizkunenean, 19:00etan.
Eta urtarrilaren 29an, egun potenteena izango da. Goizean, Hondar ahoak telesaila izango dute hizpide Marian Fernandez ekoizleak eta Koldo Almandoz zuzendariak. Eta arratsaldean, Itxaro Bordak Euri zitalari esker liburua aurkeztuko du. Gau partean, azkenik, Susmagarrien gaua egingo dute, Erratzun.
Jakingarri guztiak hemen dituzue.