MUSIKA

“Paraleloan”, doinu elektronikoak Donostian eta Bilbon

Egoitz Pomares zarauztarrak eta Katza Aiarzaguena durangarrak antolatzen dituzte musika elektronikoz bustitako Paraleloan saioak. Orain arte hiru saio ondu dituzte. Maiatzaren 10erako, ostirala, prest daukate laugarrena Donostiako Guardetxean, 21:30ean: Group Rhoda, Desert eta CLAWS.

Group Rhoda AEBetako San Frantzisko hiriko Mara Barenbaum musikariaren bakarkako egitasmoa da. Out of time, out of touch izenburuko lan bakarra argitaratu du Night School diskoetxearen bitartez eta bere jarioan hainbat estilo uztartzen ditu: pop, synth punk, dub, coldwave eta dub, besteak beste.

Desert, berriz, Bartzelonako Cristina eta Eloi dira. Single bakarra plazaratu dute, eta pop elektronikoa jorratzen dute. Cristinak, gainera, pop kutsuko Granit dream proiektuko kidea izan zen.

CLAWS-en atzean, aldiz, Bronze taldeko Brian D. Hock bateria jotzailea dago. Bere proposamena dantzalekuak zartaraztera zuzenduta dago, eta grabatu dituen 12 hazbetekoetan antzematen denez, electro, house eta technoa nahasten ditu, besteak beste.

Paraleloan # 5

Katzak eta Egoitzek bosgarren saio bat ere ondu dute maiatzaren 17an Bilboko Kafe Antzokian: Marcellus Pittman eta IVVO.

Marcellus Pittman Detroit hiriko disko jartzaile eta ekoizle ezagunetarikoa da. Bere emanaldietan soul, disco, techno eta house erritmoak nahasten ditu maisuki. Antolatzaileen arabera, “nahiz eta bere lanen oinarri klasikoa eta organikoa begi-bistakoa izan,Chigagoko Housetik hurbil eta jazz kutsuarekin, ezkutuko aurpegi esperimental bat ere badute; guk maite dugun bezala gorputza dantzan jartzeaz aparte, burua pentsatzera behartzen, proposamen harmoniko ezohikoekin eta erritmo trabesekin”.

IVVVO, berriz, portugaldarra da eta musika elektronikoaren zirkuituan arreta gehien jasotzen ari den gazteetako bat da. Bi disko luze argitaratu ditu gaur arte: Occult eta All shades of white.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button