BERTSOTAN

Ondarea eta bertsogintza eskutik helduta

Bizkaiko Foru Aldundiak Gida Bira ekimena jarriko du abian abenduren 3an ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunaren harira. Ekimenak Bizkaiko Foru Jauregia, museo eta aretoetako ondarea eta bertsogintza bilduko ditu. Hitzorduak abenduaren 1ean, 2an, 3an eta 4an izango dira hainbat museo eta aretotan.

Ekimenaren antolatzaileek esan dutenez,  “bertsolariak gidari lanetan arituko dira museo eta aretoetako bisitetan, gure ondareari haien ekarpen oparoa eransteko eta bisitariei gure ondarearen bestelako ikuspegi bat erakusteko asmoz. Euskara, gure ondarea eta gure kulturaren adierazpide garrantzitsuenetariko bat batuko ditugu, bisitariei jarduera kultural berezia eskaintzeko, betiere, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko xedearekin”.

Guztira 13 bertsolarik hartuko dute parte. Ibon Ajuriagojeaskoa bertsolariak Bilboko Rekalde Aretoan kokatutako Eduardo Sourrouille artistari buruzko erakusketan parte hartuko du. Asier Galarza Bilboko Arkeologi Museoan izango da. Iker Uriartek eta Janire Arrizabalagak Gernikako Euskal Herria Museo bisitatuko dute. Oihana Bartra eta Miren Amuriza Bilboko Euskararen Etxeko Euskararen Interpretazio Zentroko erakusketa berrituan murgilduko dira. Koldo Gezuragak Bilboko Ondare Aretoan dagoen Zinemarako Arkitekturak Bilbon erakusketari buruzko bertsoak botako ditu. Eneko Abasolo Abarkas bertsolaria Bermeoko Arrantzaleen Museoan izango da. Ander Elortegik Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoa bisitatuko du. Iruri Altzerrekak Muskizko El Pobaleko Burdinola Museoan egingo duten Basotik burdinolara ekimenean parte hartuko du. Aitor Etxebarriazarraga Kortezubiko Santimamiñen izango da. Aissa Intxaustik Bakioko Txakolin Museoa bisitatuko du, eta, azkenik, Garazi Navarro Bizkaiko  Foru Jauregian barrena ibiliko da bertsotan.

Bisita gidatuetan parte hartzeko izena eman beharko da ezinbestez.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button