
Euskal kulturaren transmisioa eta sormena sustatzeko helburuz, Loraldia Eskolak 2025-26 ikasturteko eskaintza aurkeztu du. Programak aukera paregabea eskaintzen die ikastetxeei kultura garaikidearen esperientzia aberasgarriak bizitzeko.
Loraldia Eskolak sormenaren eta esperientzia kulturalaren bidez euskal kulturaren transmisioan sakontzen du, eta antzerkia, musika, literatura, ikus-entzunezkoak eta arte plastikoak bezalako diziplinen bidez, haur eta gazteek “euskal kulturaren aberastasuna ezagutzeko eta parte hartzeko aukera izango dute”.
2025-26 ikasturterako, zazpi egitasmo eskaintzen dira, bakoitza adin-talde eta helburu ezberdinei zuzendua: Ttipia, arte plastikoen bidezko sormena (5-8 urte); Lorekolore, euskal kulturaren aniztasuna haurrei hurbiltzea (6-10 urte); Airean, euskal musika garaikidearen transmisioa (8-10 urte); 7 Kantu, euskal kantutegiaren bidezko kultura ezagutza (10-14 urte); Lore Jokoak, pastoralaren eta antzerkiaren sormena (11-16 urte); Kamara Sartu!, ikus-entzunezkoen bidezko esperimentazioa (12-18 urte); eta Loreak Tailerretan, proiektu kolektibo ekintzaileak (12-18 urte).
Ikastetxeek dagoeneko 2025-26 ikasturterako izena eman dezakete. Informazio gehiago www.loraldia.eus/eskola webgunean duzue.