BESTELAKOAK

Musika, antzerkia eta zinea, Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean

Larrabetzuko Hori Bai gaztetxeak  hainbat kultur ekitaldi ondu ditu Gabonetarako.  Programazio horren baitan, musika, antzerkia eta zinea nabarmentzen dira.

Ostiralean bertan, Liher talde gipuzkoarrak Tenpluak Erre izenburuko disko berria aurkeztuko du. Bandak rock gogorra eta soul kutsuko giroak uztartzen ditu. Urteko azken egunean, halaber, kotiloia antolatu dute, Fuck MTV Gala lelopean.

Urtarrilaren 3an, bestalde, antzezlan bat izango da ikusgai, Tabernaria (Tartean Teatroa). Tabernaria bakarrizketa bat da, Mikel Martinezek eta Patxo Telleriak idatzi eta zuzendutakoa. Umorez zipriztinduta, bakarrizketa honetan, kaña bat nola ondo bota erakutsi nahi izango dio Mikel Martinezek bizia ematen dion tabernariari. Bere kezkak, arrangurak, ilusioak edota desio zapuztuak azaleratuko ditu bertan.

Urtarrilaren 6an, zinea izango da ikusgai, haur eta helduentzako film bat: Karramarroaren Uhartea. Joxean Muñoz eta Txabi Basterretxeak zuzendu zuten marrazki bizidunetako filma 2000. urtean, eta 2001ean, marrazki bizidunetako film onenaren Goya Saria irabazi zuen. Filmak hauxe kontatzen du: “Kain izeneko pirata ontzia. Altxor bat harrizko buru baten barruan gordea, itsasoaren erdian. Marrazoz jositako itsasoa. Karramarro itxura duen uhartea; itsaslabar izugarri bat da sarbide bakarra. Pagoda itxura duen taberna. Loro biltegi bat, itsaslabarretik zintzilik… eta gaztelu ikaragarri bat harkaitzaren gainean”.

Azkenik, Eskean Kristö rock bandak Beste belaze batzuen gozoan izenburuko lana aurkeztuko du urtarrilaren 11n. Arratiarren hirugarren lana da, aurretik Azote kaldüz! (2014) eta Ezkurrik onenak (2016) kaleratu zituzten Baga Biga diskoetxearen bidez. Hard rock klasiko eta garaikidetik edaten duten lanak dira, grabazio berrian bestelako estiloen zertzeladak txertatu badituzte ere, tartean, psikodelia, powerpop eta bossanova. Arratiarrekin batera Nevadah boskoteak joko du.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button