ESZENA

Agate Deunaren irudi herrikoia eta minbizia

Arriaga Antzokiak Mikel del Valle euskal koreografo eta dantzariaren Agate Deuna obra estreinatuko du ostegun honetan, otsailaren 21ean, arratsaldeko 19:30ean. Lana “emakumeek bularreko minbiziaren kontra daramaten borrokari omenaldia eskaintzen dion koreografia da”.

Mikel del Vallek, duela hiru urte, 2016ko martxoan, Un vasco en Sevilla pieza ere bertan aurkeztu zuen, eta orain, Arriaga Antzokira itzuliko da, baina eszenatoki handira, MDV Danza bere konpainiaren buru, Agate Deuna (Beldurrari aurre egin dioten emakume ausartak) lana estreinatzeko.

Artista taldea lehen mailako sei dantzarik osatzen dute: Mikel del Valle bera, Claudia Bosch, Laura Garcia, Daniel Martinez, Paloma Calderon eta Jose Ruiz. Arriaga Antzokiaren hitzetan, “guztien artean, emakumezkoaren arketipoei buruzko dantza garaikide ikuskizuna defendatuko dute taula gainean, bularreko minbiziaren kontra borrokatzen ari diren edo borrokatu diren emakume guztiak balioan jartzen dituena. Lanak gaixotasun, beldur, sufrimendu eta indar ibilbide hori egiten du. Ibilbide horretan, musikak eta koreografiak egungo arazo hori historiak dioenez, Kristo ondorengo 262. urtean torturatu eta bularrak moztu zizkioten Agate Deunaren irudi herrikoiarekin lotzen du”.

Koreografia euskal kulturan tipikoak diren mugimendu eta pausoetan oinarritzen da eta horri dantza garaikidea gehitzen zaio. Oholtza gainean, desoreka fisikoan dauden gorputz egiturak erakusten dira, Agate Deunari egin zioten bezala, atalak moztu zaizkien emakumeen gorputzaren aldeak irudikatuz.
Dantzariekin batera, eta musikaren esparruan, Miren de Miguel soprano eta antzezle ezaguna zuzenean arituko da emanaldian.  Eta eszenografia ere nabarmendu behar da kasu honetan, video mapping lan ikusgarriak, emanaldiaren gainerako elementuekin modu bikainean integratzen baitira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button