IKUS-ENTZUN

"Amerikanuak" dokumentala 2011ko Goya sarietarako hautatu dute

Amerikanuak Goya sarietako zortzi ataletan lehiatzeko aukeratu dute: Film onena (Berde Produkzioak, Zigor Etxebarria); Zuzendari gazte onenaren saria eta Gidoi original onena (Nacho Reig); Ekoizpenaren zuzendaritza onena (Zigor Etxebarria); Argazki zuzendaritza onena (Gorka Bilbao); Muntaia onena (Gorka Bilbao); Soinu onena (Zigor Etxebarria, Íñigo Egido,); eta Film dokumental onena (Berde Produkzioak, Zigor Etxebarria).

Amerikanuak-ek nostalgiari buruz hitz egiten du. Nevadako (AEB) Elko herrira joandako zenbait immigrante euskaldunen historia biltzen da. Dokumentala Gorka Bilbaoren eskutik jaio zen. Hamabost urtez AEBetan artzain aritua zuen aitona Bilbaok, eta hala piztu zitzaion gaiarekiko interesa. Laguna duen Nacho Reig zuzendaria proiektura batu eta egitasmoa bien artean garatu zen.
Amerikanuak euskaraz filmatutako produkzioa da. Dokumentala hasieratik euskaraz sortu zen. Izan ere, dokumentalaren protagonistek euskara erabiltzen dute beraien egunerokotasunean; bestetik, filmaren arduraduei hizkuntzak izan duen eboluzio berezia azaltzea oso interesgarria iruditu zitzaien.

Soinu bandak garrantzi handia dauka dokumentalean, izan ere musikak naturaltasun handiz lotzen du istorio bat bestearekin, melodia hori entzutea istorioaren hurrengo pauso logikoa izango bailitzen. Audience taldea bizkaitarra da, eta berak hartu du Amerikanuak filmerako soinu banda sortzeko ardura. Kide ditu Gaizka Insunza (ahotsa, gitarra eta pianoa); Ager Insunza (ahotsa, guitarra, pedal-stell gitarra, pianoa eta biolina); Hannot Mintegia (ahotsa, gitarra eta tronpeta); Andoni Lauzirika (baxua) eta Mikel Sagarna (bateria eta perkusioa).

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button