
Iñaki Pinedo eta Gorka Hermosa zuzendariek ekoizturiko Hauspoa & tunela dokumentala Bilboko Udaleko Bidebarrieta Kulturgunean ikusi ahalko da urtarrilaren 30ean, ostirala, 19:00etan. Proiekzioa Areto Nagusian egingo da eta Iñaki Pinedo eta Gorka Hermosa zuzendariak bertaratuko dira lan honen xehetasunak azaltzera.
Hauspoa & Tunela lanak kontatzen du nola iritsi zen 1859an, Madril-Paris trenaren lanekin, akordeoi txiki bat Zumarragara, langile italiar baten (Juan Bautista Busca) eskutik. Harrezkero instrumentu hura bertako panderojole eta koplarien tradizioarekin uztartu zen, eta hor inguruan, lehen trikitixa talde ezaguna sortu zen: Zumarragako Trikitixa, gaur egun ere jardunean jarraitzen duena, eta 1924an trikitixaren lehen diskoa grabatu zuena (Columbia Records argitaletxearekin).
Dokumentaleko irudietan aditu asko agertzen dira testigantzak ematen, tartean, Fermín Muguruza, Bernardo Atxaga, Kepa Junkera, Joseba Tapia, Jon Maia, Toti Martínez de Lezea, Garikoitz Mendizabal, Jon Plazaola, Joseba Apaolaza, eta, nola ez, oraindik ere jardunean den Zumarragako Trikitixako kideena.
Hilaren 28an ere, Zumarragako Zelai Arizti aretoan emanaldia izango da. Urtarrilaren 27, 28 eta 30ean Madrilgo zine aretoetan (Cines Embajadores), eta TVEko 24H Kanalean. Gainera, martxoaren 26an, Santanderren proiektatuko da, eta uztailean Pirinioetako PIR jaialdi ospetsuan. Era berean, Argentinar, Kolonbiar eta Asturiasko zinema-jaialdietako sail ofizialetan hautatua izan da, eta datozen hilabeteetan nazioarteko hainbat zinema-jaialditan egingo du bira.



