MUSIKA

“Txiki Psych Fest”, jaialdi psikodelikoa Donostian

Amerikako Estatu Batuetako Austin hirian urtero egiten den Psych Fest rock psikodelikoari buruzko jaialdia omenduz, Donostiako Ayo Silver promotoreak Txiki Psych Fest jaialdia ondu du irailaren 20an Intxaurrondoko Kultur Etxean, 21:00etan.

Oholtzan ondoko talde psikodelikoak arituko dira: Moon Duo (AEB); Telescopes (Erresuma Batua); One Unique Signal (Erresuma Batua); El Desván del Macho (Euskal Herria); eta Siesta! (Valentzia). Emanaldien ostean, Rolando Bruno de los Peyotes disko jartzailea arituko da.

Zerrenda oparo horretatik bi talde dira azpimarragarrienak: Telescopes ingelesak eta Moon Duo estatubatuarrak. Horretaz gainera, euskal ordezkaritza ere nabarmentzekoa da, izan ere, Jose Izkue (Jugos de Otros, Cancer Moon) musikariak zuzentzen duen Arrasateko El Desvan del Macho hirukoteak ibilbide luzea egin du 90eko hamarkadako hasieratik. Are gehiago, taldeak nortasun handiko proposamen musikal propioa lortu du. Gipuzkoarrak Simplicis (Alehop!, 2013) diskoa aurkeztuko du.

Teleskopioak

Telescopes ingelesak 1987an eratu ziren, eta bederatzi lan argitaratu dituzte, estreinakoa, Taste, banda sortu eta bi urtera. Stephen Lawrie (gitarra eta ahotsa) musikariaren gidaritzapean, taldeak giro psikodelikoak, noise rocka, pop melodiak eta rock espaziala uztartu zituen bere jarioan, beti ere, rock erreferentzia klasikoetatik abiatuta, tartean, Suicide, The Velvet Underground eta 13th Floor Elevators. 1992an, bigarren lan homonimoa argitaratu zuten, eta taldeak trasteak utzi zituen. Halere, 2002an Thrid Wave izeneko lana kaleratu zuten, eta harrezkeroztik, jo eta su errepide eta agertokietan ari dira. Azken diskoa, 2008an grabatu zuten, Infinite Suns.

Bikote lunatikoa

Wooden Shjips talde psikodelikoaren gitarra jotzaile Erik Johnson Ripley-ek eta Sanae Yamadak (teklatuak) osatzen dute Moon Duo eta mantra amaiezinetan sustengaturiko psikodelia minimala jorratzen dute. Euskal Herrian izan dira aurretik, 2010ean eta 2011n, hain zuzen.

Hasiera baten John Coltrane and Rashied Ali jazz bikote klasikoa inspirazio gisa hartuta sortu zen bikotea, gerora Silver Apples, Royal Trux, Suicide, eta Cluster taldeetatik edaten duen musika errepikakor, sinple eta lisergikoa egiteko. Circles (Sacred Bones, 2012) da taldearen lanik berriena.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button