
Etxepare Euskal Institutuaren eta Zineuskadiren bultzadaz antolatzen den programak euskal film laburren sustapena eta zabalkundea du xede. Urtero bezala, euskal film laburren hautaketa egiten da nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ekimen garrantzitsuenetan parte hartzeko.
Kimuak programaren 28. edizioaren deialdira 41 proposamen aurkeztu ziren, eta horietarik zazpi film labur hautatu ditu epaimahaiak aurtengo katalogoa osatzeko.
Hauexek dira hainbat jaialditan ikusiko diren filmak: Dicen que tu padre (Aitor Abio), El regalo (Lara Izagirre), Erreka zoko hortan (Ekaitz Bertiz), Habana industrial (Ainhoa Ordoñez Yraolagoitia), La mancha del jaguar (Ricardo del Conde), Ultramarino (Maren Zubeldia eta Silvina Guglielmotti) eta Sueños de viernes (Harrotu Ileak kolektiboa).
2025eko katalogoak fikzioa, dokumentalaren forma desberdinak eta esperimentala jasotzen ditu. Filmetako bi euskara hutsean eginak daude, beste bat euskaraz, gaztelaniaz eta marokoar darijaz, eta lauk gaztelania dute hizkuntza nagusi.
Nazioarteko hiru profesionalek osatu dute aurtengo epaimahaia: Aitor Oñederra, Animadeba, Debako Animazio Zinemaren Nazioarteko Jaialdiaren zuzendaria; Alejandra Trelles, Uruguaiko Zinematekako zuzendari artistikoa eta Uruguaiko Nazioarteko Zinemaldiko zuzendaria; eta María Juárez Directed by Women Spain jaialdiko zuzendaria.