ESZENA

ACT jaialdia bihar abiatuko da Bilbon

ACT jaialdia bihar abiatuko da Bilbon, eta ekainaren 2a bitarte, KafeAntzokian, Guggenheim Bilbao Museoan eta Barakaldo Antzokian gaur egungo arte eszenikoen abangoardiari jarriko zaio fokua. ACT 2018 Sari nagusiak 2.000 euroko balioa du, eta Bizkaiko Antzerki Ikastegian hilabeteko egoitza eta datorren urtean jaialdian lan berri bat aurkezteko aukera ere ematen du.

Egunotan, ACT jaialdian abangoardiako artista berritzaileak sustatzeaz aparte, nazioarteko programatzaileak biltzen diren feria ere izango da, eta honek aukera ematen die datozen taldeei mugak zabaltzeko. Aurten Belgika, Bulgaria, Hungaria, Korea, Erresuma Batua eta Katalunia, Aragoi, Madril eta Euskal Herriko taldeak batuko dira aipaturiko zentroetan. Lau egunez mundu osoko 17 eszena lan labur taularatuko dira.

Antolatzaileen hitzetan, “oraingo honetan jaialdiaren mami futurista azpimarratu nahi dugu eta hartarako, erreplikanteen armada bat sortu dugu Kafe Antzokia eta inguruak irabaziko dituena. Estreinatu berriak, erreplikanteok etorkizunaren itzal dira eta jendarte urrun batetako arte-eszenikoak, adimen artifiziala eta aisialdi eta kultura beharrak plazaratuko dituzte. ACTBETA15 prototipoek gizaki izaten ikasi beharko dute”.

Emanaldien egitaraua Barakaldo Antzokian egingo diren ikastaroekin osatzen da. Eva Guerrero koreografo euskalduna izango da bertan, bai eta Sarah-Jane Watkinson ingelesa ere. Horiez gain, Teresa Brayshaw eta Steve Purcell Leeds Beckett Universityko irakasleek, Where are we now? izeneko mintzaldia emango dute Guggenheim Bilbao Museoan ekainaren 2an.

Programazio zehatza, ACT jaialdian duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button