MUSIKA

Mantisa, Seals eta Oreindik taldeek Donostian joko dute

Ekainaren 8an Seals bartzelonarrek eta Mantisa eta Oreindik gipuzkoarrek joko dute Donostiako Doka Antzokian. Mantisak Plethora izeneko lan berria aurkeztuko du, Oreindik bandak, berriz, Berdinelite, eta azkenik, Bartzelonako Seals taldeak bi kantu jasotzen dituen lan homonimoa eramango du Donostiara.

Mantisa taldeak Plethora izenburuko bigarren lana plazaratu berri du. Aurreneko lanean estilo gogorrak nagusitu baziren ere, tartean, hardcorea eta punk-rocka, oraingoan gipuzkoarrek pop garaikidearen esparrura egin dute salto. Aipaturiko aldaketa estilistikoaz gain, bigarren nobedade bat nabarmendu da: taldeak tekla jotzaile bat gehitu du, eta taldekide berri horrek pop melodiak girotu ditu. Ukitu elektronikoa ere ekarri du teklatu horrek, esaterako, Egarrituen Oasia kantuan.

Oreindik taldea, berriz, Lasarte-Orian eratu zen 2009an. Oraintsu Berdinelite izenburuko lana plazaratu du. Erritmo aldaketa anitzekin josiriko energia handiko musika dantzagarria jotzen dute musikari gipuzkoarrek, funka eta rocka uztartuz, besteak beste.

Bartzelonako Seals boskotea, aldiz, 2013an eratu zen. Aurten bi doinu biltzen dituen diskoa plazaratu du, eta indie kutsuko pop eta rock melodikoaren esparruan mugitzen da taldea.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button