ESZENA

Erriberriko Jaialdi garaikidea, askotarikoa eta anitza

Erriberriko Jaialdiak. 39 emanaldi bilduko ditu aurtengo edizioan, beti ere, antzerkia, musika, dantza eta zirkua uztartuta. Jaialdia uztailaren 21etik abuztuaren 6ra bitartean izango da.

Berrikuntza asko dakartza 2023ko edizioak, izan ere, oholtzaratuko diren ikusgarrietatik 13 emakumeek sortu, idatzi edo zuzendu dituzte, gainera, zortzi Nafarroako konpainietakoak dira, bi nazioartekoak, bat inklusiboa eta bat euskaraz. Oraingoan, programazioa Tafallara, Beirera eta, lehen aldiz, San Martin Unxera zabalduko da.
Zuzeneko ikuskizun horiez gain, Erriberrik bi sormen-egoitza, hiru prestakuntza-lantegi eta hiru topaketa jasoko ditu artistekin eta kazetariekin, baita Nafarroako konpainiekin ere. Jaialdia askotarikoa da formatu, estilo, pertsonaia, hizkuntza eta espazioei dagokienez, eta bere programazio-proposamena garaikidea da, anitza, sorkuntzaren joera guztiak bere baitan jasotzen dituena, eta emakumeen eragina nabarmen balioesten duena.

Ane Pikaza eta Maria Goiricelaya zuzendariek hala definitu dute jaialdia: “programazioak belaunaldi guztiei, publiko guztiei eta gure mundua astintzen duten arazo guztiei begiratzen die. Nafarroako eszena zaintzen eta bultzatzen duen jaialdia, Espainiako zein nazioarteko jaialdi handien arteko bide temati eta ausartari jarraitzen diena. Berdintasuna sustatu eta inklusioa besarkatzen duen jaialdi parekidea eta feminista, normaltasunetik desberdintasunaren balio artistikoa aldarrikatzen duena. Aniztasunaren eta askatasunaren etxea”.

Ikuskizunez gain, Erriberri Esperientziek jaialdia bizitzera gonbidatzen dute, ohiko jokaespazioa herriko kaleetan zehar zabalduz. Horrela, jaialdiari hasiera emango dio Vero Cendoyaren La Partida lanak hilaren 21ean (ostirala). Beste ekimen bat Erriberri Geltokiak izenburupekoak dira, herri horretatik ateratzen diren ikuskizunak jasotzen dira bertan.

Euskal taldeen lanak ere ikusiko dira, tartean, Lore More nafar konpainiaren Trapu Zikinak lana. Gerraosteari, adiskidetasunari, bidegabekeriari, maitasunari eta etorkizuneko desirei buruzko istorioa da, garbitzen aritzen diren hainbat emakumek kontatua. Edota Tanttaka Teatrok Sexpiertos lana eramango du, Ekoizpen Onenaren MAX Sariduna, Kepa Errasti eta Telmo Iruretarekin, Gizonezko Aktore Berri Onenaren Goya Sariaren irabazlea. Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean, maitasuna, sexua, bakardadea eta aurreiritziak hizpide dituen istorio hau hilaren 29an ikusi ahalko da Tafalla Kulturgunean.

Erriberriko Antzerki Jaialdiak jendaurreko hainbat topaketa antolatu ditu aurten ere, edizio honetan programatutako konpainietako artistekin eta prentsa espezializatuko erreferentziazko kazetariekin. Halaber, Jasangarritasuna arte eszenikoetan: elkarrizketa irekia etxeko konponbideetarako izeneko topaketa antolatu da Nafarroako konpainiekin.

Hori eta askoz gehiago, Erriberriko Jaialdian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button