ESZENA

Gure arteko komunikazioari eskainitako begirada berezia

Bes-Te-Bat! zirkuituaren barruan, Irungo Amaia Kultur Zentroan, Tanttaka Teatroak Utzi mezua seinalearen ondoren antzezlana oholtzaratuko du bihar, hilak 25, 19:00etan hasita. Duela urte eta erdi egin zuen taldeak lan horren estreinaldia Bilboko Arriaga Antzokian. Utzi mezua seinalearen ondoren maitasunari, bakardadeari eta mugikorren garaietako komunikazioari eskainitako begirada adimentsua, zirraragarria eta umorez betea da.

Lau emakumeren aitorpenak entzungo ditu ikusleak, baina aurrez aurre egin beharrean erantzungailu automatiko baten bidez egingo dituzte konfesioak. Izan ere, Utzi mezua seinalearen ondoren lau ahotseko istorioa da. Bakoitzak bere arazoak ditu, eta euren arteko konfesioak egiteko orduan nahiago izango dute gertatzen zaien hori erantzungailu automatiko bati aitortu. “Marina, Carmela, Sara eta Vivianak  (Miren Arrieta, Mireia Gabilondo, Oihana Maritorena eta Leire Ruiz) ahots-postontzia terapia gisa erabiliko dute beren burua ulertzeko, eta batez ere, besteek haiek uler ditzaten.”

Istorio baten jabe da bakoitza, hainbat argi-ilunen bidez mezuz mezu marraztuz joango direnak; hala, kontakizun intimoen bilduma bat osatuko da, dibertigarriak suertatzen direnak batzuetan, izugarri adimentsuak bestetan, hunkigarriak ia-ia beti, eta, batzuetan, suntsitzaileak ere bai. Bertan “bizitzaz eta heriotzaz, familia arteko harremanez, sentimendu harremanez, independentziaz, ezkonduez, amatasun arduratsuaz, egiaz eta gezurraz, zintzotasunaz, fideltasunaz, traizioaz, loturaz eta galeraz…, biziminaz… hitz egingo da. Eta, guzti horren gainetik, beti dantzan komunikazio ezaren laguna denaz: bakardadeaz.”

Eta azkenean, istorio partikularrak eta intimoak diren arren, badute komuneko lotura. Ez daude hain urrun bate bestearengandik, eta hala, pixkanaka, modu leun batean, elkarren artean lotzen joango dira, hitzaren bidez askatze indarraren istorioan murgildu arte.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button