MUSIKA

Guadalupe Plata, Gora Japon eta Manett taldeek joko dute BizBAK Indie Jaialdian

Maiatzaren lehenengo hiru ostiraletan egingo da BizBAK Indie Jaialdia Bilboko UPV/EHU Bizkaia Aretoan. Hiru eguneko jaialdian bederatzi taldek parte hartuko dute; Euskal Herriko ordezkaritza handia eta interesgarria izango da. Gaur, hain zuzen ere, Guadalupe Plata, Gora Japon eta Manett bandek joko dute.

Guadalupe Plata Andaluziako Ubeda hiritik datorren blues hirukotea da. Orain arte binilozko hamar hazbeteko bat eta LP bat plazaratu du. Oraintsu AEBetan barrena ibili da kontzertuak egiten, eta emanaldiok arrakastatsuak izan dira. Taldeak gaitasun ikaragarria dauka musika afro-amerikarra, -kasu honetan bluesa-, andaluziar kutsuko hitz minimalekin uztartzeko. Hiru taldekideak, gainera, musikari trebeak dira, batez ere, abeslari eta gitarra jotzailea.

Gora Japon Bilboko bikoteak, berriz, disko bakarra argitaratu du aspaldi Bidehuts plataformaren bidez. Bikoteak, gitarra eta bateria, inprobisazioan oinarrituriko musika erritmikoa jotzen du. Hala, taldearen jarioan makina bat estilo antzeman daitezke, besteak beste, rocka, new wavea, funka, musika afrikarra edo jazza.

Azkenik, Manett taldea Bilbo eta Getxoko musikariek osaturiko banda da. Zenbait demo argitaratu ostean, iaz Suburbia izeneko lan luzea plazaratu zuen Moonpalace Records diskoetxearen laguntzarekin. Diskoak hamar kantu biltzen ditu. Taldeak AEBetako herri musiketan sustraituriko doinuak jorratzen ditu.

Jaialdiaren gainontzeko bi kontzertuei dagokienez, maiatzaren 11n, Argentinako Capsula rock hirukoteak, eta Ainara Legardon (rock independentea) eta Mobydick (kantautorea) euskal ordezkariek joko dute. Azkenik, maiatzaren 18an, Euskal Herriko beste hiru izango dira agertokian: Zodiacs (power pop), Muy Fellini (pop eta rock independentea), Joseba Irazoki (bakarlari esperimentala).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button