EZLEKUBAT

Gringo: “Ez dugu revivalik egin nahi”

Gringo 2005 urtean eratu zen Getxon, eta 90eko hamarkadako rock independentearen arrastoekin bustiriko doinu hipnotikoak jorratzen ditu. Taldea honako musikari hauek osatzen dute: Pablo (gitarra eta ahotsa), Javi (gitarra eta ahotsa), Txumi (baxua), Rodrigo (teklatua eta sintetizadorea) eta Iñigo (bateria). Izenari bueltak ematen ari zirela, nazioartean ulergarria izango zena bilatzen hasi ziren eta bat batean Australiako txakur basatia bururatu zitzaien. Oraintsu boskoteak A Devastating Wave Of… izenburuko bigarren lana plazaratu du, disko bikoitza eta autoekoitzia. Haien aburuz edizio mota horrek ahalbidetzen du inori konturik ez ematea, “seguru aski autoedizioaren abantaila bakarra, gainontzeko guztia galera baita”. Egun diskoa aurkezten ari dira zuzenean, baina jada badituzte lan berri baterako kantuak. “Kantuak egin eta grabatzea hori da garrantzitsua, gehiago edo gutxiago joko dugu zuzenean, baina finean guri inporta zaiguna kantu onak idazten eta grabatzen jarraitzea da, moda eta gainontzekoen gainetik”. Gringoko kideek talde gisa erantzun dute.

Zuetariko askok beste egitasmo batzuetan jotzen edo jo duzue; Gringo bigarren mailako egitasmoa da?
Ez, Gringo gure proiektu nagusia da. Gutariko askok hainbat kontutan parte hartu edo parte hartzen ari gara (Happy Morgue, Har Hou, McEnroe, La Grieta, Josetxo Grieta, Manett…), baina entsegu, grabazio eta kontzertuei dagokienez, Gringo jarraipen gehien izan duen egitasmoa da. Eta horrela izatean jarrai dezala!

Hiru urte eman duzue bigarren lana argitaratzeko. Gainontzean egitasmo horiek zerikusi izan dute tarte horretan edo ez zarete oso emankorrak? Dena dela, emaitza sendoa eta, gainera, bikoitza izan da.
Egia esan beste arrazoi batzuk izan dira, kantuak inoiz ez dira falta izan eta, izan ere, jada zuzenean jo ditugun kantu berriak ere baditugu. Grabazioak luzatu du kontua: nahasketa, maketazioa eta abar. Aintzat hartu behar da 2008 urteko udan sartu ginela estudioan, baina diskoa ez da 2010era arte plazaratu.
Hasteko, estudioarekin izandako akordioak grabazioa berandutzea ekarri zuen. Guk bagenekin lan asko ekarriko zuela (abesti luzeak, pista piloa, orkestra-konponketak…) eta beharrezkoa zen denbora erabili nahi genuen, baina, era berean, ezin genuen diru kopuru handirik ordaindu. Hortaz, akordioa izan zen hasieratik prezio zehatz bat lotzea Xabi ekoizlearekin, bi aldeentzat onuragarri izan zedin. Hala, Xabik beharrezkoa zen denbora emango zuen lanean eta guk ez genuen esklusibotasunik exijituko, alegia, estudioan beste egitasmo batzuk ateraz gero, itxaron egin beharko genuen. Ondoren, diskoa behin grabatuta zegoela Antena 3 telebista kateko Karabudjan telesailean, zein gure laguna den Koldo Serrak zuzendu duen, parte hartzeko egitasmoa atera zitzaigun. Horrek lan gehiago ekarri zuen. Lehendabizikoz, guztia SGAEn erregistratu, gero, interesaturik egon zitezkeen diskoetxeekin harremanetan jarri, azkenean gure kabuz ekoiztea erabaki dugun arren.

Egoera horri lotuta, asko jotzeko aukerarik izan duzue?
Bada jotzen duguna baino gehiago jotzea gustatuko litzaiguke, baina batzuetan entseatzeko ere zaila egiten zaigu elkartzea. Aste batzuk aurretik aurreikusi behar ditugu kontzertuak, eta ikusi ea denok posible dugun jotzea data horretan, lan kontuak, familia eta abar tarteko.

A Devastating Wave Of… diskoan 90eko hamarkadako indie-rock doinuen arrastoak antzematen dira. Hamarkada horretan izan zen Getxo-sound izeneko rock independente estiloko eztandaren parte izan zen Gringo?

Egia da 90eko hamarkadako kutsu hori izan dezakeela, baina ez esklusiboki, eta hori ondo dago 90eko hamarkadako revivalik ez dugulako egin nahi, hamarkada horretan egin zena soilik jotzen nostalgia kontu bategatik edo beste edozerengatik. Gustuko duguna eta berez ateratzen zaiguna jotzen dugu, besterik ez. Esan nahi dudana da kantu bat egiterakoan ez dugula honelakorik esaten: “Mutilok 90eko kutsua izan dezala!”. Egin da, baina, sasoi batean Sonic Youth edo Yo La Tengorekin liluratuta geundela, eta oraindik gaude, puri-purian zegoenean harrapatu baikintuen, baina gure musika badira 80ko hamarkadako zantzuak ere (The Cure, Jesus & Mary Chain edo Spacemen), baita egungo erreferentziak, esaterako, Sigur Ros, edo klasikoak ere, tartean, Velvet Underground, Brian Wilson edo Pink Floyd. Gainera, gustu musikalei dagokienez, denetarik entzuten dugu… ez dakit, Johnny Cashetik hasi eta Depeche Modera, The Pogues, Flaming Lips edo Estopa (ez gara zutaz trufatzen ari!) igaroz.
Getxo Sound-ari dagokionez, gu Inte Domine taldearen errautsetatik gatoz, non hiru gringo izan ginen (Pablo, Javi e Iñigo) 90eko hamarkadaren hasiera eta erdi aldean. Inquilino Comunista, Lord Sickness edo Los Nadie taldeen antzera jotzen genuen gutxi gora behera, kontua da gu nahikoa txarragoak ginela.

Bestalde, kantuetan giro psikodelikoak ere detektatzen dira. Psikodelian sartuta zaudete?
Deigarria da, baina zintzoak izanda, ez dakigu zehaztasunez zer den psikodelia, gutxi gora beherako ideia bat badugun arren. Psikodeliatzat kantu errepikakorrak, intentsitate ezberdinetako giro hipnotikoak, geruzak eta konponketak, hartzen badituzu eta Velvet edo Sonic Boom aipatu, orduan bai bagarela psikodeliaren zale sutsuak.

Nola lantzen dituzue soinu hauek lokalean eta nolakoa da grabazio prozesua?
Kantuak egiteko eta grabatzeko bi modu daudela esan daiteke. Gehienetan Pabloren kantuak oso argi izaten dira lokalean sartu baino lehen, sarritan etxean landu dituen gauzak ekartzen baititu. Denbora gehiago ematen du horretan eta, gainera, ideiak oso argi izaten ditu. Javiren doinuak, berriz, lokalean ateratzen dira gehiago. Erritmo, akorde, soinu edo bestelakoetatik abiatuz, kantua eraikitzen dugu guztion artean. Bigarren horiek gehienetan zuk aipaturiko giro psikodeliko horiek izaten dituzte.

Diskoari berriro helduz, kritika onak jasotzen ari dela esan daiteke. Zuen aburuz nolako harrera izaten ari da?
Une honetan diskoaren promozioan ari gara buru-belarri, edonori bidaltzen (atzerrira ere bai); beraz, momentuz, ezin dugu behin betiko balorazioa egin. Orain arte atera diren kritikak onak izan dira, interesatzen zaizkigun irratsaioetan jarri dute gure diskoa eta kontzertuak eskaintzeko proposamenak jaso ditugu.

Nola sortu da Mungiako Musika eta Dantza Eskolarekin grabazioan buruturiko lankidetza?
Izusko Izagirre musika-eskola honetako zuzendaria Pabloren laguna da aspalditik, eta ikasleekin gure diskoan zenbait orkestra-konponketa egitea proposatu zionean pozik onartu zuen. Guztiok irabazi dugu kolaborazio honekin: guk soinu bikaina duten orkestra-konponketak ditugu, eta gazteek gelatik kanpoko esperientzia ezberdina bizi izan dute. Aintzat hartu behar da, ia guztiek ez zutela inoiz disko baten grabaketan parte hartu, eta saxo-jotzaileaz gain, zeinak 30 urtetik gora zituen, beste guztiak gazteak zirela, esaterako, txeloak 14 urte zituen eta tronpetak 17. Haientzat praktiken antzekoak izan ziren, eta badakizu, praktiketan ez da ezer kobratzen, kar, kar. Ea gehiagotan lan egiten dugun elkarrekin, baita zuzenekoetan ere. Apartekoa izango litzateke horrelako zerbait muntatzea areto on batean, soinu onarekin, prestatzeko astiarekin…

Amaitzear gaude, nola dago zuen zonaldeko rock eszena?
Seguruenik maila zabalago batean gertatzen ari denaren lagina izango da. Kalitateko taldeak badira, agian inoiz baino gehiago, musikalki gure estilokoak izan ez arren, McEnroe taldea salbu. Zailena ibilbide bat lortzea da. 90eko hamarkadan El Inquilino Comunistak soilik izan zuen arrakasta Getxon. Egun We Are Standar-i, esaterako, gauzak ondo doazkio. McEnroe ere Subterfuge zigiluarekin daude nortasun handiko musika egiten, lehenengoarekin sartzen ez dena, eta, gainera, oso dantzagarria ez dena… Agian, gu hobeto sartzen gara Bilboko Yellow Big Machine tankerako taldeekin, -horiek bai dutela 90eko kutsua-, oraindik ez dira gehiegi ezagutzen, baina espero dugu aukerak izatea, merezi dute eta. Oso gomendagarria da Paco Loco teknikariaren zuzendaritzapean grabatu duten diskoa.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.