
Museoen eguna da gaur eta modu berezian ospatuko dute Euskal Herriko museoek. Hala egingo du behintzat Gasteizko Artium museoak.
Artiumek, Plágaro eta Premiaren garaia tituludun bi erakusketen inaugurazioarekin ospatuko du Museoen Nazioarteko Eguna. Baina horretaz gain, beste ekimen batzuk aurreikusi ditu museo honek.
Bertatik bidali digun oharrean jasotzen denez, “gaur, 21:00etan, Pepo Salazar-ek 3rd WWRequiem piezaren kontzertua eskainiko du. Eguna bukatzeko, Telephunken eta Radiofunkens taldeek erritmo elektroniko eta pop doinuak dituzten beren lanak aurkeztuko dituzte 21:30ean. Telephunken musika elektroniko independentearen talderik garrantzitsuenetako bat da eta funk, jazz, raggamuffin, breakfeat edota latindar erritmoak nahasten ditu.
Radiofunkens talde nafarra Imanol Guisado-k (bateria), Julen Laberdi-k (gitarra), Pablo Garcia-k (baxua), Juan Rubio (ahotsa eta gitarra), eta Iñigo Bidegain-ek (sintetizatzaileak) osatzen dute. 2010. urtean bere lehenengo diskoa grabatu ondoren, Nafarroako Gobernuko Artista Gazteen eta Campus Music txapelketak irabazi zituzten. Radiofunkens abiarazlea izango da, eta rock alternatiboa eta pop kutsu handiko doinuak eskainiko ditu.”
Museoen Nazioarteko Eguneko ospakizuna maiatzaren 19an, larunbata, jarraituko du bisitaldi gidatuekin. Gainera, 6 eta 11 urte bitarteko haurrek lantegi irekia izango dute. Eta azkenik, Horman Poster kolektiboaren After you performancearen hiru saio, eta Band in a box Menpekotasunen Eguneko Erietxeko taldearen kontzertu-performance bat eskainiko dira.
Zorionak beraz!