ESZENA

“Egonaldien Proiektuak” La Fundicionen

Egonaldien Proiektuak partekatzeko zentroa ere bada Bilboko La Fundicion aretoa, eta hala egiten ari dira bertan, uztailaren 1tik 12ra. Programaren lehen proposamena ikusteko hitzordua ostegun honetan izango da Amparo Badiolaren Amalaba lanarekin.

Amalaba euskarazko bi hitzen fusiotik dator: ama eta alaba hitzetatik. Asmatutako emakumezko izena ere bada, neurri batean emakume guztien baitan dagoena.
Artistak hala definitu ditu lan horretako bere sentipenak: “Amalaba proiektua bizipen pertsonal oso intimo batetik sortu zen, egoera hark nire memorian irudiak nahasarazi zituen eta ahaztutako objektu batekin egin nuen topo berriro, nire amaren ezkontza soineko zaharrarekin.
Horren ondorioz testu txiki bat idatzi nuen eta izenburu hau eman nion:

Palabras Invisibles

Gaur, nire etxeko hallean zutik, konturatu naiz nire bizitzako ziklo bat bukatzen ari dela. Ile-apaindegira heldutakoan, horma berri bat topatu dut. Igeltseroek horma hori eraikitzeko behar izan duten denboran, nik ilea moztu eta koloregabetu dut, gris perla kolorez jarri dut, ia zuriz, betiko…
Bitxia da nola loturarik gabeko bi gertakarik, arrazoi praktikoak direla eta burutuek, denboraren harian topo egiten duten eta, batera, esanahi berria eskaintzen didaten:
Gaur, ama, ispiluaren bestaldetik niri begira ikusten zaitut. Hori al da hildakoen aldea?
Azkenik ireki dut maleta hura eta zure ezkontza soinekoa zabaldu egin da nire aurrean, mamu baten antzera.
Tolesturetatik desio ezkutuak azaltzen dira, gure maitasun zaila, gure desadostasunak eta besarkatzen zintudaneko eta zu asaldatzen zineneko azken gau hura, kamisoia biltzen saiatzen zinen, heriotzaren aurrean biluzten.
Gaur bai, gaurkoan jarriko dut zure ezkontza soinekoa. Hitz ikusezinak idatziko ditut. Zuriz beteko dut horma zuri bat, bertan, neuk ere, zuriarekin bat egiteko.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button