MUSIKA

Inoren Ero Ni eta Josh Rousen kontzertuak

Inoren Ero Ni laukote gipuzkoarrak iaz argitaratu zuen Fregoli bere azken lana, baina ezin izan dute disko bikain horretako kantuak zuzenean nahi beste jo, bateria jotzaile aldaketa tarteko. Izan ere, Mikel Abrego bateria jotzaileak taldea utzi behar izan du eta haren ordez Guantxe (Teen Dogs, Safety Pins, Lobo Electrico…) sartu da.

Inoren Ero Nik bihar egingo du estreinako kontzertua bateria jotzaile berriarekin Bermeoko Beleza Malandra Ateneoan, 18:30ean. Gero, martxoaren 1ean, Donostiako Gasteszenan izango da eta 22an Arrasateko gaztetxean.
Kontzertuotan Fregoli diskoko kantuak nagusituko dira. Izan ere, talde gipuzkoarrak orain arte grabatu dituen doinu bikainenak biltzen ditu, guztiak haientzat funtsezkoak diren erreferenteen inguruan idatziriko kantuak, besteak beste, Gill Scott Heron musikari beltza, Jim Jarmusch zinegilea edo diskoari izenburua ematen dion Lepoldo Fregoli aktore italiarra.

Bestalde, Josh Rouse musikari estatubatuarra ikusteko parada izango da asteburu honetan. Gaur, Donostiako Intxaurrondo Kultur Etxean izango da Napoka Iria bikotearekin batera, eta bihar berriz, Bilboko Azkena Aretoan. Rousek The Long Vacation taldearekin iaz grabatu zuen lana aurkeztuko du. Diskoa bossa, jazz eta giro akustikoekin berotuta dator. Izan ere, Rouse estatubatuarra izanagatik ere, Valentzia inguruan bizi da aspaldi eta Mediterraneo itsasoaren eraginak ageri dira disko berrian.
Rousek aipatu The Long Vacations musikariek izango ditu lagun: Cayo Bellveser (baxua eta pianoa) eta Xema Fuertes (banjo, gitarra, bateria). Estatubatuarra kantu idazle bikaina da eta bere ibilbide luzean lan biribilak argitaratu ditu, hala nola, 1972 (2003) edo Nashville (2005).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button