LITERATURA

Azkue Literatura sariak gaur goizean banatu dira

Gaur goizean, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan, 2017ko Resurrección Maria Azkue Literatur Sariak banatu dira. Oiartzun, Gernika-Lumo, Azpeitia, Gasteiz, Beasain, Otxandio eta Usurbilkoak dira aurten nabarmendu diren idazle gaztetxoak.

Euskaltzaindiak Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioarekin batera antolatzen dituen sarion helburua idazle gazteak literatura mundura erakartzea da. Bi genero saritzen dira Azkue Sarietan: narrazioa eta poesia. Genero bakoitzak bi maila ditu: A maila (10 eta 13 urte bitarteko gazteentzat); eta B maila (14 eta 17 urte bitartekoentzat).

Aurten 151 lan aurkeztu dira lehiaketara, eta epaimahaikideek lanen sakontasuna nabarmendu dute. Parte hartzaileen artean “lan politak eta sakonak” egon direla nabarmendu dute, idazle gazteek “bihotzetik sortutako ideiak” maneiatzen dituztela azpimarratuz. Horrez gain, “gizarteak dituen arazoak, kezkak eta pozak gazteek ere bete-betean bizi dituztela” esan dute.

A mailan (10 eta 13 urte bitarteko gazteen saila) Maialen Leiza -narrazioan- eta Lur Lopez -poesian- gailendu dira; B mailan (14 eta 17 urte bitartekoak) Anne Arrizabalaga -narrazioan- eta Peru Amorrortu -poesian- izan dira irabazleak.

Beste aldetik, hauek izan dira aurtengo epaimahaikoak: Miren Billelabeitia, Igone Etxebarria eta Manu Lopez Gaseni (A mailan), eta Yolanda Arrieta, Amaia Jauregizar eta Patxi Zubizarreta (B mailan).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button