LITERATURA

Nobedade asko Elkar argitaletxearen eskutik

Durangoko Azokan makina bat nobedade aurkeztuko ditu Elkar argitaletxeak. Gure bulegoan jada batzuk jaso ditugu.

Josu Goikoetxea idazleak ipuinez beteriko Lakioa plazaratu du, joan den urtean Joseba Jaka beka irabazi zuen proiektua. Gai eta giro ugaritako bederatzi kontakizun bildu ditu Josu Goikoetxeak bere lehenengo narratiba-liburu honetan: Amaginarrebaren etxean katakume jaioberriak akabatzera behartzen duten gizonaren paraderoa, parranda-gauaren osteko goizean lagun zahar-berri baten konpainian esnatuko den emakumearen harridura, guraso hilen baserrira itzultzen den droga-saltzailearen ibilerak, enpresako buruzagitza hartzera deitua den gazte arrakastatsuaren larriminak…

Zubikari Sariari esker Julen Apellak Sakeleko bihotzak izeneko lana kaleratu du. Postal bat desertuan izeneko poema-bildumarekin irabazi zuen DK Poesia saria, eta joan den urtean Agustin Zubikarai beka. Sakelako bihotzak eleberriak bi protagonista ditu, Jokin eta Felix, unibertsitateko azken urteetan dabiltzan bi gazte, elkarren lagunak, baina aski desberdinak, izaeraz eta jatorriaz: arrazional eta hotza bata, langile-familiakoa; jendekoia eta zalapartaria bestea, burges etorkiduna. Bien ibilbideak, harremanak eta gorabeherak jarraituko ditugu, beren bizitzak markatuko dituzten hilabete batzuetan.

Jone Bordatok bere lehen lana kaleratu du: Erroen izerdia. Hiru ipuin luzek osatzen dute liburu hau, triptiko baten antzera. Istorioetako bakoitza beregaina da, baina bada guztiak lotzen dituen hari bat ere: protagonistek iraganean finkatuak dituzte beren erroak.

Esne-Berriketan da Uxue Alberdik eta Begoña Durruty ilustratzaileak kaleraturiko lana. Garrantzirik gabeko solasa omen da esne-berriketa. Sarrien, emakumeen arteko mintzoari deitu izan zaio. Lan honetan norbaitek ahoz kontatu, idazleak belarriz jaso eta idatziz emandako kontakizunak jasotzen dira, emakumeek bizi izan eta kontatutakoak. Kontakizun bakoitzak izan nahi du berba-habia bizi bat, eta bata bestearen atzean jarrita, narraziook unibertso bat osatzen dute, paisaia bat, ahotsez eta mugimenduz betea.

Karmele Jaiok Harrizko bihotza idatzi du. Taupaden alfabetoa bat dela dio egileak. Apunteak, ametsak, oroitzapenak, hausnarketak, pasadizoak… pentsamendu laburrak bildu ditu Karmele Jaiok alfabeto moduan antolatutako liburu berezi honetan.

Aipatutakoez gain, Pedagogismoaren gezurtapen bat lanak ere argia ikusi du, Tere Maldonadok idatzitakoa, bai eta Esnatu ala hil, Garikoitz Goikoetxeak eta Iñaki Iurrebasok eginikoa ere.

Horiek eta gehiago: Elkar

Show More

Related Articles

Back to top button