LITERATURA

Garai digitalak literaturan

Eztabaidak Literaturarekin ekimenak Fernando Marias eta Toti Martinez de Lezea elkartuko ditu bihar, 19:30ean, Bidebarrietako Liburutegiko Ekitaldi Aretoan, une honetan bizi dugun iraultza digitalean oinarrituta, idazlearen eta irakurlearen artean dagoen erlazioa aztertzeko.

Elkarrizketak hilero burutzen dira, asteartez, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoko eszenatokian. Bertan, espezializatutako kazetari bat ekitaldiaren aurkezle eta gidari gisa aritzen da. Oraingo honetan, topaketaren moderatzailea, Iñaki Esteban kazetari, idazle eta filosofoa izango da.

Urteko laugarren hitzorduan, egileen eta irakurleen arteko erlazioari buruz arituko da, beti ere iraultza digitala kontuan izanda. Horri tiraka, hainbat gairi buruz hitz egingo dute: sare sozialek eta posta elektronikoak eskaintzen duten hurbiltasunaren alderdi positiboak eta negatiboak baloratuko dituzte; garai digitalak euren idazteko moduan eraginik duen edo izango duen, edo teknologiak eta informaziorako eta aisiarako baliabideak gero eta gehiago erabiltzen dituen irakurleari zuzendutako idazkera multimedia sortuko den ala ez.

Solasaldian emango dituzten ia bi orduetan, idazkera multimediak egiletza kontzeptua aldatzen duen ala ez aztertzen ahaleginduko dira, eta baita zein eragin izan dezakeen e-book-en, iPad-en eta antzekoen garapenak.

2007ko urtarrilean ekimena martxan jarri zenetik, Bidebarrietako Liburutegiko Ekitaldi Aretoak idazle bikoteen arteko elkarrizketak jaso ditu, besteak beste, Ramiro Pinilla eta Harkaitz Cano, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Belén Gopegui eta Iban Zaldua, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Alberto Vázquez Figueroa eta Almudena Arteaga edo Suso del Toro eta Joseba Zulaika.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button