
Amorebieta-Etxanoko udalaren kultura sailak antolatu du beste behin Eleizetan programa. Udalerriko elizetan eta baselizetan irailean eskaintzen diren ganbera musikako kontzertuek osatutako ekimena da Eleizetan.
Musika eskaintza anitza egiten da eta estilo ezberdinak bil daitezke kontzertuetan, hala nola, musika barrokoa, berpizkundeko musika, jazza, musika herrikoia edota folka. Denek dituzte, ordea, ezaugarri hauek: kalitatea eta ganbera formatua, hurbila eta zuzena.
Musikarako proposamenez gain, Amorebieta-Etxanoko monumentu-ondarea ezagutaraztea ere bada helburua. Hori horrela izanik egin ohi dira kontzertuak Dudeako San Migel eta Boroako San Pedro baselizetan, eta Bernagoitiko San Migel, Larreako San Juan Bateatzaile, Etxanoko Andra Mari eta Amorebietako Andra Mari elizetan.
Aurtengo programa irailaren 6an hasiko da Olatz Salvador kantariarekin. Honek kontzertua eskainiko du Etxanoko Andra Mari Elizan, 20:00etatik aurrera. Olatz Salvador (1990, Donostia) artistak 10 urtetik gora daramatza musika eszenan murgilduta. 2018an kaleratu zuen bere bakarkako lehen estudioko lana, Zintzilik (2018, Airaka). Musika Bulegoa Saria jaso zuen 2022an eta soinu banden konposaketa eta ekoizpenean ere aritu da. Oraingoan, Zainak eman (2024, Balaunka) bere hirugarren albuma aurkeztuko du.
In Media Res Duo, Cuarteto Kare, Halos Laukotea, Iñaki Palacios eta Eresma Guitar Duo izango dira irailaren 21era bitartean Eleizetan arituko diren musikariak.
Non eta nozi jakiteko: Eleizetan.