LITERATURA

Giorgio Bassaniren “Finzi-Continitarren lorategia” aztergai Gasteizko Irakurle Klubean

Gaur, 19:30etik aurrera, Gasteizko Ignacio Aldecoa kultur etxean, Giorgio Bassanik idatzi eta Koldo Bigurik itzulitako Finzi-Continitarren lorategia liburua izango dute hizpide. Iban Zaldua idazlea da klubaren koordinatzailea eta Geu elkartea, berriz, antolatzailea.

Finzi-Continitarrek, Ferrarako juduen arteko familia aberatsenak, halako lilura bat sortzen diote nobelako protagonista eta narratzaile gazteari: ez bakarrik haien etxe erraldoiagatik, bizimodu isolatuagatik, kultura zabalagatik, jarrera aristokratikoagatik; horrez gain, lagun egin nahi lituzke familiako seme-alabak: adinkide duen Alberto eta, batez ere, haren arreba Micòl, eder bezain urruna. Mussolinik, Hitlerrengana hurbiltzeko, Italiako juduen kontra ezarritako lege arrazialek sortuko dute ustekabeko aukera: hiriko tenis elkartean jokatzea debekatua dutela-eta, beren lorategiko tenis-zelaira gonbidatzen dituzte Finzi-Continitarrek komunitateko kideak. Kontalaria eta Micòl adiskide min bihurtuko dira, amodio mindu eta mingarri bat ere sortuko da bietako batengan, baina lotsak, diferentzia sozialak ala patu historikoak ezinezkoa egingo dute harremana. Dotorezia eta sentiberatasuna darizkion eleberri miresgarria dugu hau, betiko joandako garai baten malenkoniaz eta historiaren krudelak suntsitutako lagunenganako elegia-doinuz idatzia.

Hauexek dira ikasturtea amaitu baino lehen Gasteizko Irakurle Klubean landuko dituzte beste bi liburuak: maiatzaren 25a, Mari Luz Estebanen Amaren heriotzak libreago egin ninduen , (Pamiela 2013) eta ekainaren 29a, Juanjo Olasagarreren Poz aldrebesa (Susa 2017).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button