ARTEA

Getxoarte 2014

 

Gonzalo Olabarria Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendariak, eta Koldo Iturbe Getxoko Udaleko Kulturako zinegotziak aurkeztu zuten atzo, azaroaren 7tik 9ra izango den Getxoarte 2014.

Getxoarteren formatua aldatu dute aurtengo ediziorako, eta artista berrien lana sustatzeaz eta prestatzen laguntzeaz gain, esperimentatzeko eta artista gisa hezteko gune ere  bihurtuko da. Beste aldetik ere, sorkuntza garaikidearen prozesuak zertan diren ezagutarazi nahi dira. Izan ere, hasieran, ekimena Arte Sortu Berrien Areto bat zen, gizartera artista gazteen lana haizatzen zuena eta erakusketaren papera betetzen zuena. Baina orain, ikuspegi zabalago bat hartuko du, eta horrexegatik Praktika Garaikideen Aretoa izango du izen berria.

Areetako Geltoki Plazako karpan parte hartzen duten artista guztien proiektuak ikusgai izango dira, eta horretaz gain, lau ataletan antolatutako programa garatuko da. Lehenengoa Programa Orokorra da, “aurten hautaturiko 23 proiektu euskal artistenak dira, eta gainerako 7 proiektuak Espainiako artista sortzaileenak dira”, aipatu zuen Koldo Iturbek.
Getxoartek hautatutako artistei orientazioa, laguntza eta aholkua ere emateko ahalegin berezia egingo du, eta horretarako artistek aholkularitza-zerbitzu bat erabili ahalko dute.

Getxoarteren bigarren atal garrantzitsua Hezkuntza Programa da. Programan, mintzaldiak, hitzaldiak, bisita gidatuak eta haurrentzako tailerrak ondu dira.  Azkenik Programa Kuratoriala eta Programa Hedatua ere antolatu dira.

Praktika Garaikideen Aretoak, aurten, beste berritasun bat dakar: epaimahai batek erakusgai daudenen arteko lan bat hautatuko du kalitate, formatu eta proiekzio zantzuan oinarrituz eta 2.000 euroko saria emango dio.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button