
Bilboko BBK Aretoak musika programazio zabala eskainiko du datozen hilabeteetan, Gertutik musika zikloaren barruan. Maiatzera bitartean, hilero kontzertu bat (edo bi ) programatu du areto horrek.
Lehen saioa datorren astean izango da, hilak 23, Mikel Erentxun kantariarekin. Duncan Dhu musika-taldearen abeslari gisa eta bere bakarkako ibilbidean, etengabe berrasmatu du bere burua Mikelek. Karisma handiko artista izateaz gain, artista eta gizabanako gisa bete-betean eutsi dio 2020an landutako ibilbideari. Formatu akustikoan eta bakarrik jotzeko gai da, energia intimo eta berezidun giroa sortuz eta ikusleei bere kemen eta indar izugarriak helaraziz.
Martxoan Maialen Gurbindok, Chica Sobresalto izenarekin ezagunagoak, kontzertua eskainiko du.
Apirilean bi hitzordu ondu dituzte: 10ean, Xabi Bandinik Biba! Ikuskizuna eramango du Bilbora. Pello Reparazek (DeepSoda) ekoiztutako lanean, Bandinik, Lur Larrazak eta Alberto Isabak sintetizadorez, erritmo eta melodia indartsuz beteriko abestiak sortuko dituzte, 90. hamarkadako rocka soinu sintetikoekin nahasirik. “Ahotsek eta letrek irudi zirraragarriak ekartzen dizkigute gogora. Europaz hitz egiten dute, planeta bizigarriez, Magallanesi buruz, laguntasunari buruz, errefuxiatuez eta ihes egin nahian itsasoan hiltzen direnez. Beti ere posizio deseroso batetik, beti bezala, maitasunaren eta itxaropenaren himno txikiak.”
Bigarren saioa, 24an, Natalia Lacunzaren eskutik etorriko da.
Eta maiatzean kontzertu potentea: Willis Drummond taldeak Zugzwang seigarren estudioko lana haizatzen ari da Euskal Herrian barna, eta Bilboraino helduko dira.
Datu guztiak hemen kontsultatu ahal dituzue.